NAIZ.INFO
IRUÑEA

Gamazada oroitu eta grebarako deia egin dute Iruñean

Duela 120 egin zuten modura, nafar herriari kalera ateratzeko deia egin dio EH Bilduk, «subiranotasunaren defentsan, gure eskubideen alde borrokatzera».

EH Bilduk Iruñean egin duen agerraldiaren irudia. (NAIZ.INFO)
EH Bilduk Iruñean egin duen agerraldiaren irudia. (NAIZ.INFO)

Ostegun honetarako greba orokorrari begira ekitaldia egin du EH Bilduk Iruñean. Bertan, Gamazadako altxamendua oroitu dute eta ostegunean kalera ateratzeko deia egin dute. Estatu espainiarrak «aniztasunaren etsai» izaten jarraitzen duela salatu dute nafarren ekonomiarentzat «zulo ilun eta ustela» dela uste dute.

«Langabezia tasa izugarria, administrazioaren zorpetzea, murrizketa bortitzak, pobreziaren igoera kezkagarria, gazteen egoera latza, kaleratzeen arazo larria, ustelkeria kasu eskandalagarriak... Horiek dira Madrildik inposatutako eredu politiko, ekonomiko eta sozialaren porrotaren adierazle», salatu dute.

Egiera horren aurrean, Nafarroaren subiranotasuna aldarrikatzeko eskatu dute eta, horretarako, herri mugimendu «bateratzaileak» bultzatzea ezinbesteko jo du EH Bilduk. «Madrilen gogokoa izan ala ez, hemen ginen, hemen gaude, eta hemen egongo gara, gure subiranotasuna defendatzen, gure eskubideen alde borrokatzen», aldarrikatu dute.

«1893an altxatu ginen eta etzi ere altxatuko gara», esan dute.