Naiz.info
Iruñea

Langile bat hil da Ezkabako kanpinean, hondeatzeko makina irauli eta buruan kolpea jasota

Ezkabako kanpinean lanean ari zen 66 urteko gizonezko bat zendu da, hondeatzeko makina irauli eta jasan dituen zauri larriek eraginda.

Hildakoa kanpineko jabeetako bat da eta arratsaldeko 16.00ak inguruan gertatu da ezbeharra, kanpalekuan hobetze lanetan ari zela. Nafarroako Gobernuaren arabera, beharrean ari zen hondeatzeko makinarekin. Hau irauli egin da eta buruan kolpea jaso du.

Anbulantzia medikalizatua bertaratu da Ezkabako kanpinera, baina ezin izan dute ezer egin langilearen bizitza salbatzeko.

Ezbeharraren lekuan izan dira baita ere Polizia Forala eta Nafarroako Gobernuko Lan Saileko ikertzaile bat.