NAIZ.INFO
GETXO

Kaikuk aise irabazi du Getxoko XXXV. Ikurriña

Kaikuk irabazi du Getxoko XXXV. Ikurriña eta lidergoa berreskuratu du San Miguel Ligan.

Kaikuko patroia, irabazitako ikurriñarekin. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Kaikuko patroia, irabazitako ikurriñarekin. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Kaiku izan da nagusi Getxoko uretan arratsalde honetan jokatu den estropadan. Sestaoarrak aurretik joan dira estropada osoan eta amaieran ia 24 segundu atera dizkiote bigarren sailkatu den Oriori.

Gipuzkoarren eta Urdaibairen artean lehia estua izan da azken metroetan eta oriotarren sei ehuneneko aldea besterik ez diete atera bermeotarrei.

Hondarribia izan da laugarren ohorezko txandan, baina sailkapen nagusian aurrea hartu diote San Juanek, Portugaletek eta Tiranek eta, horrenbestez, igande honetan Zumaian jokatuko den estropadan ez da ohorezko txandan izango.

Kaiku, Orio eta Urdaibairekin batera San Juan izango da ohorezko txandan Zumaian. Gaur estropada bikaina egin dute pasaitarrek eta laugarren sailkatu dira Getxoko Ikurriñan.

San Miguel Ligako sailkapenari dagokionez, Kaikuk lidergoa berreskuratu du 103 punturekin eta Orioren aurretik jarri da (102). Urdaibaik hirugarren jarraitzen du, 98 punturekin eta laugarren Hondarribia da, 83rekin.