Naiz.info
Donostia

Sei filmek eta bi ekitaldik osatuko dute Zinemaldiko Savage Cinema saileko egitaraua

‘Bella Vita’, ‘Cerro Torre’, ‘Into the mind’ eta ‘Crash Reel’ batu zaizkie aurretik iragarritako ‘McConkey’ eta ‘Spirit of Akasha’ filmei.

‘Spirit of Akasha’ filmaren irudia. (ZINEMALDIA)
‘Spirit of Akasha’ filmaren irudia. (ZINEMALDIA)

Sei filmek eta bi ekitaldi nagusik osatuko dute Donostiako Zinemaldiaren baitan Savage Cinema saileko lehenengo edizioko egitaraua. ‘Bella Vita’, ‘Cerro Torre’, ‘Into the mind’, ‘Crash Reel’, ‘McConkey’ eta ‘Spirit of Akasha’ filmak ikusi ahal izango dira abenturazko eta akzio-kirolei buruzko sailean.

Horrez gain, bi ekitaldi nagusi izango ditu sail berriak. Irailaren 21ean, Antzoki Zaharrean, ‘Spirit of Akasha’ filmaren munduko estreinaldia izango da eta bertan izango dira Andrew Kidman zuzendaria –surf kultura garbieneko egungo sortzaile garrantzitsuenetako bat– eta filmeko protagonista diren surflarietako batzuk.

Bigarren ekitaldia hilaren 27an izango da, Anoetako Belodromoan. Tradizoari jarraiki Big Friday bueltan dator, aurten arreta mendian jarriko delarik, ‘Cerro Torre - A Snowball´s Chance in Hell’ eta ‘Into the mind’ filmen munduko estreinaldia bilduko duen programa bikoitzarekin.