Boterean den PSk egin duen proposamenak ez lituzke Euskal Herriko mugak errespetatuko, Nafarroa Behereko Amikuzeeta Iholdi-Otizbarre, Biarnoko Nabarrengose eta Salbaterra Bearnori loturik agertzen direlako.
Departamentuko prefetak azaroaren 15eko sesioan eman beharko luke ezagutzera behin-betiko proposamena.
Aitzinetik, prefetak, Kontseilu Nagusiko presidenteak eta departamentuko hautetsi nagusiek kontsulta fase bat egin behar dutela aurrikusten da. Ondoren Barne ministeritzako zerbitzuek karta proiektua eginen lukete.
Maiatzaren 17ko legearen ondorioa da aurkeztutako berrantolaketa proposamena, kantonamendu kopurua bitan zatituko lukeena (57tik 27ra, Pirinio Atlantikoetako departamenduaren kasuan). Kontseilari nagusiaren figura ere desagertuko litzateke, eta departamenduko kontseilariarena sortu.
Aurkeztua izan den proposamenaren kontrako ahots anitz altxatu dira, Kazeta.info-k berri eman duenez. Asteburuan Beskoitzen elkartu zen Auzapezen Biltzarrak aho batez bozkatu zuen «Euskal Herriaren lurraldetasuna errespetatzea» kantonamenduen antolaketa berrian.
Pirineo Atlantikoetako presidentearekin batera lanean ari den prefetari lurraldetasuna errespetatzeko eskatu diote eta horretarako Biltzarreko presidentea den Christine Bessonart bi ordezkariekin biltzeko hitzorduak galdegitea erabaki dute.
Bertzalde, Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak Forces 64 alderdiaren izenean agertu zen atzo erreforma «lotsagarria», «eskandalagarria» eta ganibetaz mozturikoa dela salatzeko.
UMPko Max Brissonek ere salatu egin du: «Lehen aldizkotz Frantses iraultzatik kantonamendu euskal-biarnesa izango genuke».