NAIZ.INFO
Baiona

Emili Martinek ez du Auzitegi Nazionalean deklaratu, goizean iragarri bezala

Ipar Euskal Herrian Herriraren bozeramaile lanetan dabilen Emili Martinek ez du Eloy Velasco epailearen aurrean deklaratu, goizean iragarri bezala. Auzitegi Nazionalean izan da, bere aldetik, Jon Mintegiaga, baina ez du adierazpenik egin. 

Emili Martin Baionan. (Gaizka IROZ)
Emili Martin Baionan. (Gaizka IROZ)

Astearte honetarako deklaratzera deitu zuen Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Emili Martin, Herriraren aurkako polizia operazioarekin lotuta. Martin, presoen eskubideen aldeko eragileko bozeramale lanetan ari da Ipar Euskal Herrian eta AFPri egindako adierazpenetan ez dela Madrilera joango iragarri du. Eta halaxe izan da, ez du epailearen aurrean deklaratu. «Ez naiz joango giza eskubideak urratzen dituen auzitegi batera», esan du militante zuberotarrak.

Agentzia frantziarrari egindako adierazpenetan dio Martinek, badakiela zein diren ondorioak: «ni ez bertaratzeak euroagindu baten berehalako igorpena ekarriko du eta Frantziak erabaki beharko du aplikatzen duen ala ez».

Madrilen bai izan da ordea Jon Mintegiaga. Epaile berberak deituta joan da Auzitegi Nazionalera baina Europa Press albiste agentziaren arabera, adierazpenik ez egiteko eskubidera atxiki zatzaio eta ez du deklaratu.

PSko ordezkariak ere Herriraren manifestazioan

Emili Martinek gogoratu du PSko hainbat ordezkarik parte hartu zuela Herrirak iazko azaroan Baionan deitu zuen manfiestazio jendetsuan eta galdera segidan: «nola ulertu hautetsi sozialisten presentzia 2012ko azaroko Baionako manifestazioan, eta aldi berean, PS bereko gobernuak Parisen Espainiaren politika errepresiboari jarraitzea?»

Ahizparen, Aurore Martinen, aurrekariaz ere galdetu diote. Iazko azaroaren lehenean atxilotu eta Espainiaratu zuten Aurore Martin. Alderdi eta eragile politiko eta sozial ugariren kontrakotasuna sortu zuen agindu hark.