NAIZ.INFO
BILBO

Aurten kultura bonorik izango ez dela berretsi du Lakuak

Lakuako Gobernuko bozeramale Josu Erkorekak berretsi egin du aurten ez dela gabonetako erosketetarako kultura bonorik izango. Bizkaian, ordea, antzerako ekimen bat jarriko dute abian.

Gobernu Kontseiluaren ondotik, agerraldia egin du Erkorekak eta bertan baieztatu du azken urteetan Lakuak kultura arloan kontsumoa sustatzeko atera dituen bonoak ez direla aurten izango.

Bizkaian, ordea izango da halako ekimenik, Aldundiak Kultur Txartela sortu baitu, kultur produktuen erosketa sustatzeko.

Txartelak Kutxabanken bitartez erosi ahal izango dira, txartelaren bidez orotarako kutxazainetan eta antzeko zerbitzuetan. Erakundeak behar diren mekanismoak jarriko ditu kategoria bakoitzean txarteleko eta pertsonako Bizkaiko Kultur Txartel bakarra erosi ahal izateko. Abenduaren 16tik egongo da salgai, eta guztira 46.875 txartel aterako dira.

Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura foru diputatuak aurkezpenean azaldu duenez, txartelak 40 euroko balioa izango du eta kultur produktuak erosteko eta museoetarako, zuzeneko emanaldietarako eta bestelako kultur ekitaldietarako sarrerak eskuratzeko erabili ahal izango da. Produktuak eta sarrerak kanpainari atxikitako establezimenduen sarean erosi beharko dira.

Hiru mota

Bizkaiko Kultur Txartelak hiru kategoria izango ditu: A motakoa (32 euro), edozein kultur produktutarako; B motakoa (28 euro), kultur jardueretarako (arte eszenikoak eta museoetara bisita, zinea); eta D motakoa (24 euro), euskaraz egiten diren produktu eta jardueretarako. Bizkaiko Kultur Txartel bakoitzaren prezioaren eta erosketa balioaren arteko aldea foru erakundeak finantzatuko du, horretarako aurreikusitako funts ekonomikoa agortu arte.

Programari atxikitzeko baldintza batzuk daude. Horrela, Bizkaian dauden establezimenduak batu ahal dira, baldin eta kultur produktu eta ondasunak saltzen badituzte edo kultur produktuak erakusten badituzte, bai eta udal titulartasuneko antzokiak, baldin eta Bizkaiko udalek, udal erakunde autonomoek edo udal fundazio publikoek zuzenean kudeatzen badituzte.

Halaber, titulartasun publikoko zein pribatuko museoak, kultur fundazio publiko zein pribatuak, Euskalduna Jauregia eta kultur produkzioa (arte eszenikoak, musika, erakusketak) erakusten duten zentro edo lokal pribatuak ere sartu ahalko dira programan.

Bizkaiko Kultur Txartela herrialde horretan bakarrik erabili ahal izango da, eta bi fase izango ditu: lehena, Gabonetakoa, abenduaren 16tik 2014ko urtarrilaren 31ra, eta bigarrena, datorren urteko martxoaren 17tik maiatzaren 18ra artekoa. Lehenengo kanpainan baliabide ekonomikoak agortzen ez badira, bigarren kanpainan gehitu ahalko dira.

Produktuak

Bizkaiko Kultur Txartelaren bidez erosi ahal izango diren kultur produktuen artean daude liburuak (salbuetsita daude testu liburuak, ikasteko liburuak eta profesionalak), musika edozein euskarritan eta zuzeneko musika kontzertuetarako sarrerak; zinema (DVD eta beste euskarri batzuk) eta zinema areto komertzialetarako sarrerak; ikuskizun eszenikoetarako sarrerak (dantza, antzerkia); eta museoak bisitatzeko sarrerak.

Halaber, honako produktu hauek berariaz programatik kanpo gelditu eta, hortaz, ezin izango dira Bizkaiko Kultur Txartelaren bitartez eskuratu: papergintza artikuluak; ekipoak, softwarea eta informatika eta elektronikako kontsumigarriak; jokoak eta bideo jokoak.

Datorren azaroaren 27tik aurrera, saltokiak edozein momentutan eman ahalko dute izena Bizkaiko Kultur Txartelaren programan parte hartzeko. Horretarako, izena emateko orria behar bezala datu guztiekin beteta eman beharko da Cecobiren eta Bizkaiko Aldundiko Kultura Saileko instalazioetan.