Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Euskal Herriaren historia laburtu du Iñaki Egañak

Historian adituak ez direnentzat eskainitako liburua egin du Iñaki Egaña historialari eta idazleak. ‘Euskal Herriaren historia laburra’ euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu du Txertoa argitaletxeak.

Iñaki Egaña, liburu berriarekin. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Iñaki Egaña, liburu berriarekin. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

140 orrialdetan zehar historiaurretik orainaldira arteko unerik garrantzitsuenak azpimarratu ditu Iñaki Egañak ‘Euskal Herriaren historia laburra’ liburuan. Hamahiru ataletan banatu du testu nagusia eta noizean behin pertsonaia zein gertaera aipagarriei espazio berezia eskaini die. Amaieran, aipatu ez diren beste hogeita hamar pertsonairen biografia laburrak gehitu ditu, baita berrogeita hamar data garrantzitsu zerrendatu ere. Bukatzeko, historian sakondu nahi duenarentzat gomendagarriak diren liburuekin bibliografia osatu du.

«Historiara naturaltasunez gerturatzen denari zuzendurikoa da, baso sakonagoetan sartzeko abiapuntu bat», esan du gaur goizean egindako aurkezpenean. Martin Anso Txertoako editoreak azaldu du Egañari lana eskatu ziotela ikertzailea izateaz gain dibulgaziorako joera duelako; «Euskal Herriaren historiaren panoramika zabala eta laburra egitea nahi genuen, baina era berean ulerterraza».

Hori egiteko, Egañak historia interpretatu egin du egunerokotasunezko «mikrohistoria» oinarrian hartuz. «Zoritxarrez, eskoletan ikasten den historia pertsonaia handiei lotuta dago eta niri beti gustatu izan zaizkit istorio txikiak». Honela, pasadizo ez oso ezagunak, protagonista bitxiak eta hipotesi berriak gehitu dizkio liburuari.