@ane_arruti
Elizondo

Unai Iturriagak 725 puntu bildu ditu Elizondon

Unai Iturriaga izan da Elizondoko final erdian puntu gehien lortu dituen bertsolaria, 725. Amets Arzallusek 719,5 lortu ditu eta Beñat Gaztelumendi izan da hirugarren 695,5 punturekin. Jokin Uranga gero (668), Iñigo Mantzizidor ‘Mantxi’ (663,5) eta Julio Soto (620).

Jende lepo gaurko kanporaketan ere, ohiko estanpa honezkero txapelketan. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Jende lepo gaurko kanporaketan ere, ohiko estanpa honezkero txapelketan. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Lehen postua eskuratu du Unai Iturriagak Elizondon jokatu den finalaurrekoen bigarren itzuliko lehen saioan. Lehendik 649 zituen, eta finalera sartzeko aukera handiak ditu horrela. Hala ere, beste bi saitako emaitzak itxaron beharko dira, Maialen Lujanbiorekin batera kantatuko duten zazpi bertsolariak erabakitzeko.

Elizondoko saioko sailkapena hurrengoa izan da: 725 Unai Iturriaga; 719,5 Amets Arzallus; 695,5 Beñat Gaztelumendi; 668 Jokin Uranga; 663,5 Iñigo Mantzizidor ‘Mantxi’; 620 Julio Soto.

Amets Arzallusek, lehendik 717 puntu eskuratuta, hanka eta erdi ditu BECen. Beñat Gaztelumendi ere ez da urrun ibiliko, lehendik 697 zituen eta gaur ere saio ederra eginda 695,5 eskuratu ditu.

Bigarren finalaurrekoa bihar izango da Donostian, Gaska kiroldegian. Bertan izango dira Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Igor Elortza eta Jon Martin. Azken saioa datorren larunbatean izango da, Maule-Lextarren.