Josu Juaristi / Iosu Ganuza / 7K

Eskiatzera!

Eskiatzeko garaia da, zale denarentzat eta ahal duenarentzat. Eski alpetarra izan, iraupenekoa, snow erakoa, edo mendiko eskia... guztietan aukerak asko dira, eta baita poltsikoari eragiten dioten kalteak ere. Horiei errepasoa egin diegu erreportaje honetan.

Gazte talde bat snow egiten Zaritik gertuko maldetan, Oiartzunen, Nafarroako gailur elurtuak begira dituztela. (Andoni CANELLADA)
Gazte talde bat snow egiten Zaritik gertuko maldetan, Oiartzunen, Nafarroako gailur elurtuak begira dituztela. (Andoni CANELLADA)

Zuritu dira gure mendi-tontorrak, eta pasatu da lehenengo asteburu-zubi edo dena delako tentagarria. Eskiatzera, jaun-andreok, garaia da eta! Ahal duenak, jakina. Lantxo honetan, hiru eskiatzaile mota edo eredu hartuko ditugu, eta poltsikoan izan ditzakeen ondorioak aurkezten saiatuko gara. Horretan dabilenak jakingo du non eros ditzakeen, zein marka dauden merkatuan, nolako presioan, nora eta nola joan daitekeen eskiatzera, eta zenbatean. Hemen, pista eta datu batzuk bakarrik emango ditugu: batez besteko kopuruak, hainbat leku... Jakinda, gurean behinik behin, gehienek alpetar eskia egiten duetela (eskiekin edo oholarekin), baina gero eta gehiago direla irupen-eskia aukeratzen dutenak. Lehenengo kasuan, urteak dira moda sortu eta rrotu zela. Bestetik, snow delakoak arrakasta nabarmena du, gero eta handiagoa; gazteen artean, bereziki.

Gurean, hemengo mendien altueragatik eta kokapenagatik, iraupen-eskia egiteko balio digu elurrak, normalean; Iratin eta Larra-Belaguan, bereziki. Eski alpetarra egiteko, pixka bat ekialderago jo behar dugu; Eretatik haratago, Pirinioen bi aldeetan; edota mendebaldera, Europako Mendietara; edota hegoaldera, Ezkarai aldera. Ahal duenak urrutirago ere joko du, Alpeetara.

Etxera itzulita, Izabatik gora, Larra-Belaguako estazioak eskiatzeko 24 kilometroko azalera eskaintzen du, eta zazpi bat ibilbide egin daitezke bertan. Eskilazarra, Bortuzko, El Ferial, Zanpori, Rincon edo Bagomalta, La Dronda eta La Contienda izeneko pistak aurkituko ditu bisitariak bertan.

Hortik gertu dago Abodiko estazioa ere, baina ondoko bailaran, Zaraitzun, Otsagabin barrena. Kotaz baxuxeago dagoenez, elur gehiago behar du: dagoenean, eskiatzeko ia-ia 700 metroko desnibela dauka, eski nordikoa egiteko. Larra-Belaguako estazioa baino apur bat handiagoa da, 31 kilometroko azalerarekin.

Eta, Abodiren ondo-ondoan, iparraldera, Iratiko pistak daude, iraupen-eskirako, Zuberoan. Paisaiaz gozatzeko gunerik ederrenetarikoa da Iratiko estazioa, eta, aukerarik izanez gero, etxola bat alokatu, eta asteburu ederra pasatzeko. Zuberoan dago Izarbeko estazioa ere, izen bera duen gailurretik gertu, 1.400 metroko altueran, gutxi gorabehera. Euskal Herriko ekialdearen mutur-muturrean dago Izarbe. Verna haitzulorako sarrera ikus daiteke handik. Baliteke eskiatzeko eremua txikia izatea, baina benetan merezi duen paisaia beha daiteke bertatik.

Horiez gain, Aralar, Urbasa, Andia, Saioa, Ortzantzurieta eta Urkiola dira bertan eskiatzeko aukera eskaintzen duten guneak, nahiz eta ez egon bereziki horretarako prestatuta. Behe samarrean zuritu behar du, hala ere, eta dezenteko koska pilatu.

Txikitatik ikasten dute Nafarroan

Iraupen-eskiaren kanpaina edo Nafarroan Aste Zuria izenaz ere ezagutzen den ekimena 1985ean jarri zuten martxan herrialde horretako ikasleentzat, Izabako eta Otsagabiko udalek eta Nafarroako Gobernuko Kirol eta Gazteria sailek bultzatuta, eta, lehenengo urtean, 500 bat ikaslek hartu zuten parte. Gaur egun, ekimenaren arrakasta ikaragarria da, eta 2010. urtean, esate baterako, 4.100 ikasle baino gehiago ibili ziren eskiatzen neguko kirolak sustatzea helburu duen programa horren bitartez. Urtarrila eta apirila bitartean garatzen da kanpaina, eta, normalean, 6. mailako ikasleak izaten dira programaren onuradun. Gogoratu behar da, hala ere, kirola bultzatzeaz gain, naturarekiko harremanak lantzeko helburua ere baduela egitasmoak, baita ingurua zaintzea eta pertsonen arteko lankidetza eta begirunea bultzatzea ere. Nafarroako ikasleez gain, inguruko saltoki eta ostalariak ere irabazten ateratzen dira. Aurtengo kanpaina fase desberdinetan garatuko da. Izaban hamalau txanda antolatu dituzte, abenduaren 15etik apirilaren 11ra bitartean. Otsagabian, aldiz, urtarrilaren 12tik martxoaren 21era izango da. Parte hartu nahi duten eskola edo ikastetxeek aldez aurretik izena eman behar dute, eta zozketa bidez erabakitzen da zein txanda dagokion bakoitzari.

Iraupen-eskitik snowera

Iraupen-eskia, tradizioagatik besterik ez bada ere, zerrendako lehen postuan jarri behar genuke. Garai batean, Europako ipar-iparraldeko herrialdeetan, neguan batetik bestera mugitzeko era bakarra zuten hura. Gutxienez bikingoen garaitik datorrela uste da. Norvegian hasi ziren, hala ere, eski nordikoa kiroltzat hartzen. Hantxe antolatu zituzten iraupen-eskiaren lehenengo txapelketak, eta gaur oso errotuta dago diziplina, aldaera desberdinetan. Inguru horretan, orain dela 1.500 bat urte hasi ziren lehenengo lasterketak antolatzen.

Alpetar eskia beste zerbait da, jakina. Iraupenekoa irristatzea –eta ‘arraun’ egitea, behar denean– baldin bada, alpetarra abiadura da, maldan behera joatea. Eslaloma, jaitsiera eta beste hainbat modalitate daude alpetar eskian. Hortik etorriko ziren, gero, konbinatuak, eski artistikoa, freestyle eta modernoago beste batzuk. Freestyle joan zen mendeko 60ko hamarkadan sortu zen, Amerikako Estatu Batuetan, eta garai eta inguru hartakoa da snowboarda ere (edo snow), gero eta ezagunagoa dena. Gehien praktikatzen dugun modalitatean, bi eski erabiltzen dira, hanka bakoitzerako bat; snowboarden, berriz, ohol bakar bat erabiltzen da, zabalagoa eta motzagoa. Surfaren zaleak izango ziren, seguru asko, ohol bakarraren ideia itsasotik elurretara eraman zutenak. Gero eta gazte gehiago dira eskiatzen horrela hasten direnak, eta, gaur egun, horretarako propio prestatutako gune bereziak daude estazio askotan.

Modalitate gehiago ere badira eskiaren munduan, baina hiru horiek dira gure artean garrantzitsuenak edo ezagunenak. Bakoitzak bere teknika du, bere ezaugarriak, zaletuak, topikoak eta aurkakoak, zale amorratuak, baita iheslariak ere.

Mendiko eskiari begiradatxo bat

Gure inguruan, batzuek, gutxi batzuek seguru asko, negu-partean eta paraje egokietan praktikatzen dute mendiko eskia. Beste berezitasun batzuk ditu; ez da hala moduz egin daitekeen zerbait. Puristentzat da, «abangoardia» batentzat, indartsuenentzat, mendia gehien maite eta ezagutzen dutenentzat... Gauza asko esan daitezke modalitate horretaz, baina egiten duenak jakingo du, beti bezala, zergatik aukeratu zuen, nola iritsi zen, non ikasi zuen eta zer ikasi behar izan zuen seguru praktikatzeko –edo ahalik eta seguruen praktikatzeko, behinik behin–.

Egia da mendiko eskiak gero eta zale gehiago erakartzen dituela, baina eskarmentu handiko eskiatzaile-mendizaleak izan behar dira: alde batetik, eskiatzen bikain jakin behar delako, eta, bestetik, mendia eta elurra ondo baino hobeki ezagutu eta ulertu behar direlako. Sarritan, hasierako irteeretan batez ere, alpetarretik datorrenak alpetarreko materiala erabil dezake oinarri bezala, baina materialen ekoizleek beti gogoratuko dizute material egoki eta aproposa erabiltzea dela seguru ibiltzeko bide bakarra.

Eskiak, fijazioak, botak, eski-larruak (ez irristatzeko), pioleta, kaskoa eta kranpoiak beharko ditu horretan dabilenak, eta elur-jausien detektagailu txukun bat morralean sartu beharko du sinfalta. Gero eta ohi- koagoak dira ABS motxila, palak eta zundak. Jantzi egokia, betaurrekoak, eskularruak, bastoiak, motxila, botikina... Eta irakurleak pentsatuko du: «A zer-nolako zama mendiko eskia egiteko, mendian gora eta behera ibiltzeko!». Garai batean horrela izango zen, seguru –mendiko jarduera guztietan bezala–, baina, mendizaleak eta eskiatzaileak jakingo duen moduan, materialak gero eta arinagoak dira.

Beti bezala, dena dela, eta batez ere mendiko eskiaz ari baldin bagara, oinarrizko gomendio batzuk betetzea komeni dela gogoratu, badaezpada: norbaitekin joatea hobe, aldez aurretik eguraldiaren iragarpena ongi begiratu, baita elurraren kalitateari buruzko informazioa ere. Eta, behin mendian zaudela, elur-kata bat egiteko gauza bazara –nolako elurretan ibiliko zaren jakiteko–, txapelduna zu.

Boten aldetik, bi mota dira erabilienak mendiko eskian: arinak eta astunak; igotzeko egokiagoak lehenengoak, eta jaisteko bigarrenak. Azken horiek, gainera, kranpoiak dituzte zolaren inguruan, elurrari heltzeko.

Detektagailuak

Elur-jausien detektagailu txukuna gomendatzen dizuegu, azkenaldian polemika dezente sortu delako telefono mugikorrentzat merkatura iritsi diren honako hiru aplikazio hauekin: Snøg Avalanche Buddy, iSis Intelligent Rescue System eta SnoWhere. Arlo honetan ospe handia duen Kanadako Elur-jausien Zentroak ikertu zituen orain dela pare bat hilabete, eta gutxieneko estandarrak ez dituztela betetzen erabaki zuen. Kontuz, beraz, erabiltzen duzuen materialarekin, eta, batez ere, telefono mugikorrentzat modan dauden aplikazioekin.

Mendiko eskiaren kontuekin amaitzeko, aipa dezagun ekipo batek, batez beste, 1.000 eta 1.300 euro arteko kostua izan dezakeela. Garestienak botak eta eskiak dira, baina horiek, normalean, luzerako inbertsioak izan ohi dira. Batez besteko salneurria aipatu dizuegu, baina gehiago sakondu edo zehaztu gabe, praktika espezializatuagoa delako, neurri handi batean. Beste hiru modalitateak, ordea, hurrengo orrietan aztertuko dizkizuegu, elementuz elementu, gaur egun merkatua nola dagoen jakin deezazuen, gutxi gorabehera, bederen.

Dena dela, elurrarekin gozatzeko –edo «sufritzeko», aplikatzen diozuen intentsitatearen arabera– azken aukera bat aipatuko dizuegu: elur-erraketak. Kirola da hori ere, Europako ipar-muturrean, Siberia luze-zabalean eta Kanadako eta Alaskako leku galduetan bizimoduaren parte badira ere. Prezioz ere, eskuragarriagoak dira. Horiei buruzko pare bat datu ere emango dizuegu. Kontuan izan sasoi onean egotea komeni dela. Sentsazio polita eta gustagarria da, baina elurrak esango digu, azkenean, noraino iristeko gai garen. Ez ahaztu, beti bezala, igotzea edo joatea ederra dela, baina itzuli arte ez dela ezer bukatu. Mendia ez da joatea edo iristea bakarrik; itzultzea ere bada. Batez ere, itzultzea. Teorian, erraketekin errazago ibiliko zara; gutxiago nekatuko zara. Gero eta hobeak dira teknologiaren aldetik. Aspaldiko «oinetakoak» dira horiek ere, eskiak bezala, eguneroko bizimodutik atera eta kirol bihurtu direnak.

Badira beste tresna eta bide gehiago elurrarekin disfrutatzeko, jakina; lerak, esate baterako. Horiei ere begiradatxo bat bota diegu dosier xume honetan. Esan beharrik ere ez dago, bestalde, jantzi aproposa –teknikoa edo azken modakoa izan gabe– eta gogoa nahikoak direla elurretan egun eder bat pasatzeko. Merke ateratzen da. Eskiatzeko, jakina, eski-estaziora hurbildu behar da, normalean forfait izenarekin ezagutzen den pistako abonamendua ordaindu, zerbait jan, edan, eguzkitako krema, eta abar, eta abar.

Gogoratu, dena dela, bigarren eskuko materialak ere badaudela, alokatu ere egin daitezkeela, eta, horretaz gain, ikastarotxo bat egitea ere komenigarria dela, gomendagarria.

Lasai hartu, noraino iritsi zaitezkeen ongi neurtu, seinaleei kasu egin, eta eskumuturrak, belaunak eta antzekoak zaindu. Eta haurrak ongi babestu. Barre egin, erorita ere, gozatzera joan zara eta. Eta, lasai, elurra izango da oraindik ere: bukatu zela ziotenak isilik geratu ziren iazko neguan bota zuenarekin.