Naiz.info
Bartzelona

Ametsen makina abian jarri nahi du Realak Bartzelonaren aurkako finalaurrekoan

Jagoba Arrasatek ez du uste Kopako finalera iristea ezinezkoa denik Realarentzat. Hori bai, argi dauka bere jokalariek partida ona egin beharko dutela, kasik akatsik gabea. Joaneko norgehiagoka honetan Camp Nou-n golen bat sartzea garrantzitsua izango da.

Pasa den irailean jokatu zuten azkenezkoz Realak eta Bartzelonak elkarren aurka, Ligan. (Lluis GENE/AFP)
Pasa den irailean jokatu zuten azkenezkoz Realak eta Bartzelonak elkarren aurka, Ligan. (Lluis GENE/AFP)

1988an jokatu zuen azkenekoz Realak Kopako finalaurreko bat. 26 urte beranduago, finalera heltzeko aukera dute donostiarrek, baina gainditu beharreko aurkaria ez da talde makala. Bartzelona izango dute aurrez aurre Jagoba Arrasateren mutilek gaur gauean (22.00) Camp Nou-n.

Arrasatek ez du uste finalerako txartela lortzea ezinezko helburua denik, nahiz eta badakien lan zaila izango dela. Hala ere, ametsen makina abian jartzeko prest da entrenatzaile txuri-urdina.

Gakoen artean, Bartzelonaren zelaian golen bat sartzea izango da. Bestetik, Realak emaitza on batekin etxeratu nahi badu, defentsa lanetan ere fin aritu beharko du, nahiz eta Arrasatek badakien «oso zaila» dela Bartzelonatik golik jaso gabe ateratzea.

«Irabazi nahi badugu, oso partida ona egin beharko dugu. Erasoan baino defentsan egin beharko dugu lan gehiago, gogorrak izan, falta gehiago egin eta deseroso egon daitezen saiatu», agertu du Arrasatek.

NAIZeko webgune berezian zuzenean jarraitu ahal izango da norgehiagokako kontakizunaren bitartez.