Naiz.info
Cadiz

Autopsiaren lehen emaitzek diotenez, bat-batean hil zen Bellon, arrazoi naturalengatik

Arkaitz Belloni egin dizkioten bi autopsien behin behineko emaitzek diotenez, elorriarraren heriotza bat-batekoa izan zen eta arrazoi naturalek eragin zuten. Etxeratek nabarmendu duenez, espetxeratuta egon den hamahiru urte hauetan pairatu dituen baldintzek «zerikusi zuzena» dute heriotzarekin. Elorriarraren gorpua 19.00ak pasata atera da Cadiztik Euskal Herrirantz.

Arkaitz Bellon gogoratzeko mobilizazioa, Iruñean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Arkaitz Bellon gogoratzeko mobilizazioa, Iruñean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Cadizko mediku forentseak atzo egin zion autopsiaren eta gaur familiaren gertuko medikuek egin dioten azterketaren behin behineko emaitzen arabera, Arkaitz Bellonek bat-bateko heriotza izan zuen eta arrazoi naturalek eragin zuten, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez.  «Ez dago induzitutako heriotzaren susmorik», dio igorritako oharrean.

Nolanahi ere, presoen senideen elkarteak nabarmendu du hamahiru urte hauetan espetxean hasan dituen bizi baldintzek «harreman zuzena» izan dutela elorriarraren heriotzarekin, izan ere, «torturak, jipoiek, espetxe aldaketak eta etengabeko tentsioak eragin zuzena dute osasunean». «Baldintza horiek ez dira arrisku faktorea soilik, erabakigarria baizik».

Falta diren frogen emaitzei eta behin betiko txostenari itxaron behar zaiela ohartarazi du Etxeratek. Zehazki, ikerketa histologikoa, biologikoa, mikrobiologikoa eta toxikologikoa falta dira.

Lehenengoa, atzo

Cadizko mediku forentseak egin zion atzo, ostegunez, lehenengo autopsia Arkaitz Belloni. Elorriarraren familiak azterketa forentsea konfiantzazko medikuen presentziarekin egiteko baimena eskatu zuen bezpera epaitegietan, baina honek, halako eskaerarik ez zela jaso argudiatu zuen.

Lehenengo azterketa forentsea, atzo Cadizeko Klinika Forentsean egindakoa, goizeko 09.00etan abiatu zen eta Etxerat elkartearen arabera, familiak jaso zuen dagoeneko autopsiaren dosier bat, nahiz eta oraindik egun batzuk beharko diren zenbait frogen emaitzak jakiteko.

Gaur goizean, berriz, bigarren azterketa egin diote konfiantzazko medikuarekin eta familiak izendatutako bi abokaturekin.

Gorpua, Euskal Herrirako bidean

Etxeratek jakinarazi duenez, Arkaitz Bellonen gorpua 19.00ak pasata irten da Cadiztik Euskal Herrirantz.

Asteazken arratsaldean bere ziegan hilik aurkitu zuten Arkaitz Bellon 36 urteko preso elorriotarra eta, orain arte zabaldutako bertsioaren ofizialaren arabera, «arrazoi naturalak» daude bere heriotzaren atzean.

Gertaerek harrabotsa sortu dute Euskal Herrian eta azken orduetan egindako mobilizazioak ugariak izan dira lurralde guztietan.