NAIZ.INFO
BILBO

Nekaneren golak puntu bat eman dio Athletici

Partida bukatzeko ordu laurden baino ez zela falta, Nekane Diazek gola sartu du eta, horri esker, talde bizkaitarrak berdinketa lortu du Sporting de Huelva taldearen aurka. [Emaitzak eta sailkapena]

Nekane, partidaren une batean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Nekane, partidaren une batean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Barcelonaren esku dagoen titulua eskuratzeko aukerarik gabe ekin diote Athleticeko neskek Sportingen aurkako partidari. Bigarren postua ziurtatuta du talde bizkaitarrak, bi jardunaldiren faltan.

40. minutuan Huelvako taldea aurreratu egin da, Angela Sosak faltaz sartutako golarekin.

65. minutuan berdinketarako aukera izan du Athleticek, Erika Vazquezi eginiko penalti batekin, baina kanpoko taldearen atezainak gelditu egin du Vanessaren jaurtiketa.

Hala eta guztiz ere, talde zuri-gorriak ez du etsi eta 74. minutuan Nekanek partida berdindu du. Ordurako kanpoko taldea 10 jokalarirekin zegoen, Anitak txartel gorria ikusi duelako.

Futbolari buruzko NAIZen webgune bereziak emaitzak eta sailkapena eskaintzen ditu.