Maider IANTZI
DONOSTIA

Ikerbasquek hamabost ikertzaile kontratatzeko deialdia ireki du

CIC nanoGUNEren Donostiako egoitzan, laborategietan lanean ari diren zientzialariei bisita egin ondotik, aurkeztu du hamabost ikertzaile berri kontratatzeko deialdia Ikerbasquek.

Itziar Alkorta, Nagore Iriberri eta Aurelio Mateo, nanoGUNEren egoitzan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Itziar Alkorta, Nagore Iriberri eta Aurelio Mateo, nanoGUNEren egoitzan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

CIC nanoGUNEren Donostiako egoitzan, laborategietan lanean ari diren zientzialariei bisita egin ondotik, aurkeztu du hamabost ikertzaile berri kontratatzeko deialdia Ikerbasquek. Interesa dutenek ikerbasque.net webgunean egin dezakete eskaera, bihartik irailaren 10era arte.

Lakuako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak eta zientzia fundazioko presidenteordeak, Itziar Alkortak, jakinarazi duenez, ‘Research professor’ programaren baitan kokatzen da eskaintza. Programa honen xedea 2014-2017 aldirako EAEn 50 ikertzaile bikain kontratatzea da. «Onenak» nahi dituzte eta, horregatik, pixkanaka eginen dute aukeraketa. Lehenengo hamabosten txanda da orain. Alde batetik, atzerrian dauden ikertzaileak erakarri nahi dituzte, tartean euskaldun aunitz; bertzetik, hemen daudenei behin betiko kontratua lortzeko aukera eman nahi diete.

Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak nabarmendu duenez, Europako Batzordeak fundazio hau hautatu du 70 proposamen baino gehiagoren artean, eta 6,2 milioi euroko finantzazioa eman dio mundu osoko senior ikerlariek (ikerketa arloan hamar urte baino gehiagoko eskarmentua dutenek) EAEn lan egin dezaten. Gaur egun, Ikerbasqueren sareak hainbat zentro eta arlotan lanean dabiltzan 131 ikertzaile biltzen ditu, tartean agerraldian izan diren Aurelio Mateo eta Nagore Iriberri.

Euren esperientzia pertsonalaz mintzatu dira biak. Mateo kimikaria da eta hainbat herrialde zeharkatu ditu Ikerbasqueren bidez Euskal Herrira etorri aitzinetik: Madrilen ikasi eta Britainia Handira joan zen doktoretza egitera. Handik Italiara eta gero Alemaniara. 2012an hartu zuen Ikerbasquek. Garai hartan, bertze bi eskaintza ere bazituen, baina ez zuen zalantzarik egin, Ikerbasquerena «askoz tentagarriagoa baitzen». Material organiko berrien sintesian dabil lanean.

Iriberriren arloa, aldiz, ekonomia da, «ekonomia esperimentala eta konportamenduzko ekonomia», zehazki. Azaldu duenez, ikasi eta lan egiten den lekuak zer ikertzen den determinatzen du, eta horregatik jo zuen berak atzerrira, berari interesatzen zitzaion adarra gehiago lantzen zelako kanpoan. AEBetan ibili zen eta Bartzelonan zeramatzan sei urte 2012an Ikerbasquek ibilbide zientifikoa hasi zuen lekura, EHUra, bueltatzea ahalbidetu zionean. Kontatu duenez, hiru erantzukizun sentitu zituen itzuleran: kanpoan ikasitakoa aplikatzea, etorkizuneko ikertzaileen formakuntzan parte hartzea, eta lana ahalik eta hobekien eginez, kanpoan ezagutaraztea. Esperientzia «positiboa» izaten ari dela adierazi du eta etorkizunean bertze ikertzaile batzuek aukera izateak pozten du.