@belastegi
DONOSTIA

Europan ere olatu onak daudela aldarrikatuko du Surfilmfestibalak XII. edizioan

Pasa den neguko ekaitzek euskal kostaldea suntsitu zuten, baina surflariek olatu onak harrapatzeko aukera ikusi zuten. Aurtengo olaturik handiena Urruñan surfeatu dute. Horrek erakusten du Euskal Herrian eta Europan ere surfa egiteko kalitatezko itsasoa badagoela.

Surfilmfestibalaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Surfilmfestibalaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Donostian ospatzen den Surfilmfestibalaren XII. edizioan Europan ere ederki surfeatu ahal dela aldarrikatuko dute, azken urteetako ekaitzen ondorioz atlantiar kostaldean sortzen diren uhin handien kalitatea dela-eta. Jaialdia ekainaren 5etik 8ra ospatuko da, zinema, musika eta kirola uztartuz.

Egun horietan zehar sei luzemetrai eta hogei labur inguru proiektatuko dituzte, horien artean Urruñako Belharra olatuaren ingurukoa. Olatu horrek XXL olatuen saria irabazi du, surflari australiar ezezagun batek zeharkatu eta bideoan jaso ondoren. Bideo hori azken urteetan Europan gertatzen ari den surfaren loraldiaren adibide da. Izan ere, Sancho Rodriguez jaialdiaren zuzendariak azaldu bezala, «munduko surflaririk onenak euskal kostaldean ari dira olaturik onenaren bila».

Garai batean uste zen Europan ez zegoela kalitatezko olaturik, baina azken aldian izan diren ekaitzen ondorioz atlantiar kostaldean korronte indartsuak sortu dira. Horrekin batera, hurakanekin gertatzen den bezala, ekaitzei ere izena jartzeko ohitura dago. Izen horiek jaialdia aurkezteko egin duten bideoan txertatu dituzte. «Borraskaren sinboloa ikusten dugunean nahiko pozik jartzen gara. Horrek ez du esan nahi itsasoak dakarren hondamendia ospatzen dugunik», aipatu du Rodriguezek.

Jaialdiaren baitan eskainiko dituzten filmed artean ‘Damnation’ eta ‘Out in the line up’ dira aipagarriak. Lehenak ekologiari buruzko ikuspegi bat eskaintzen digu, bigarrenak, berriz, kirol profesionaletan dagoen tabuari estalkia kendu nahi dio, alegia, homosexualitateari. Horrez gain, doako musika jaialdia egingo dute ostiralean eta Aquariumeam erakusketa bat zabalduko dute.