NAIZ.INFO
DONOSTIA

11 Kolore Fest, asteburuko agendan aipagarri

11 Kolore Fest Aniztasunaren Asteburua ospatuko da ostiraletik igandera bitartean Donostian. Egitarau zabala eta anitza prestatu dute jaia eta aldarrikapena uztartzen dituen hitzordu honen antolatzaileek: EH 11 Kolorek, Gipuzkoako erregio etxeek, Parte Zaharreko ostalariek, Donostiako Piratek, 2016 egitasmoak eta Donostiako Udalak.

Egitarau zabala eta erakargarria izan arren 11 Kolore Fest ekimenak, larunbateko Danbor Martxak izango du aurten ere protagonismo nagusia, iazko edizioan bezala. Danborrekin Alderdi Ederren elkartu ondoren, Javier Suarezek botako du txupina, ehun urte bete berri duen Donostiako Errioxako Etxearen izenean. Gero, Oreka TX taldeak iaz propio sortutako ‘Atanbora’ kantua joko dute partaide guztiek elkarrekin. Martxa Alderdi Ederren bukatuko da eta bertan Lekeitioko Deabruek suzko ikuskizuna eskainiko dute.

Igandean, Gipuzkoako Erregio Etxeen XXIX. Eguna ospatuko da. Gastronomia produktu anitzak dastatzeko aukera egongo da Kostituzio plazan. Errioxa, Gaztela, Andaluzia, Extremadura, Aragoi eta Galiziako folklore taldeak arituko dira dantzan erdialdeko kaleetan barrena desfilea egin ondoren.

Gainera, pintxo bereziak dastatzeko aukera egongo da Parte Zaharreko ostalariek antolatutako ‘11 Pintxo 11 Zapore’ jarduerari esker. Hamaika tabernatan beste herrialde batzuetako sukaldaritzan oinarritutako pintxoak egongo dira salgai: Txuleta (Txile), A fuego negro (Mexiko), Aitona (Galizia)…

Hala ere, 11 Kolore Fest ez da asteburuan Euskal Herrian ospatuko den festa bakarra. Asteburuero bezala, oraingoan ere ekitaldiz josita dator egunotako agenda.