@GARA_olarretxea
Lazkao

«Ilusioa» eta «esperantza», lazkaotarren ahotan

Goizean goiz herritarrak martxan ziren Lazkaon, han hemenka lasterka boluntarioak, baita talogileak postuak atontzen, banatzaileak lokalak hornitzen… Prentsa kioskoan ere hurrengo orduetan herrian biziko zena zen hizpide. Lan eta lan ari ziren, bereziki, egun hau gogoraraziko duen kamisetak saltzen zebiltzan neskak, jo eta su, bata bestearen atzetik. «Dagoneko XL eta S besterik ez zaigu gelditzen», errepikatu diote hainbatetan bezeroei.

Giza katea Lazkaon. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Giza katea Lazkaon. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Eguraldiak bezainbeste lagundu du jendearen aldarteak. Horixe azpimarratu du, hain zuzen, bertako familia batek. «Borondatea badago, beraz bidea egingo dugu, ziur». Alboan emazteak jendearen pluraltasunari ematen zion garrantzia. «Herrian beste hainbat deialdietara bertaratzen ez direnak hemen daude gaur, eta hori oso positiboa da. Gehitzen ari gara», zioen, harro. Giza katea osatzeko pare bat ordu gelditzen zirenean «ilusioa», «esperantza» eta «grina» izan dira errepikatu diren hitzak sentimenduak deskribatzeko unean.

Plazatik bertatik igaro da 60. kilometroa, eta horixe izan da hain justu aurreneko orduetan kuadrilen eta familien topagunea. Pixkanaka, ilara forma hartzen joan da, etengabe herriratzen ziren pertsonei kabida emateko. Tartean topatu ditugu Xurxo eta Patri, Ourensetik atzo eguerdian abiatu ziren bi galiziar. «Euskal Herriarekin solidario garelako etorri gara. Erabakitzeko eskubidea ez da erreboluzioa, oinarrizkoa eta logikoa baizik». Etortzeko erabakia unean bertan hartu zuten, eta konturatu orduko errepidean zeudela kontatu digute.

Emozioarekin osatu dute lazkaotarrek eta gainontzeko herritarrek katea, olatuak egin dituzte, alaitasun ohiuak bota ere, batukada, irrintziak… jai giroa nagusitu da.

Eskuak kateatu diren ordu berean hain justu, mosaiko erraldoi bat osatu dute kartulinaz, ‘Basques decide’ aldarrikatzeko, ingelesez. Hala egin dute alde batetik nazioarteko hedabideak mezua argi zabaldu dezaten eta, bestetik, Gure Esku Dago-ren helikopteroak airetik irudiak hartzen aritu direla aprobetxatuz.

Bergara, Etxarri, Durango eta Iruñearekin batera, eguna luzea du aurretik Lazkaok. 900 pertsonentzat bazkari herrikoia prestatu dute, eta plaza jendez gainezka dago. Bizilagun batek adierazi duten moduan, «jendea zai zegoen».