NAIZ

Desobedientziaren aldeko apustua egiteko deia luzatu dute Iruñean

Datorren azaroaren 8an Iruñean egingo duten mobilizazioan herri harresi bat osatzeko deia luzatu dute gaur goizean egin duten agerraldian.

Iruñean egin duten agerraldian hainbat auzipetuk parte hartu dute. (ARGAZKI PRESS)
Iruñean egin duten agerraldian hainbat auzipetuk parte hartu dute. (ARGAZKI PRESS)

Beren lan politiko eta sozialagatik espetxeratuak izateko arriskuan dauden hainbat auziperatuk agerraldia egin dute Iruñeako Nabarreria plazako iturrian, hedabideei beren egoeraren berri eman eta jendarteari datorren larunbatean Iruñean burutuko den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatzeko. Azaldu dutenez, Nabarreria plazan egin dute prentsaurrekoa joan dela urtebete bertan burutu baitzen Luis Goñiren aldeko herri harresia.

Gogoratu dutenez, une honetan 40 lagun daude auzi politikoetan inputaturik Nafarroan: bederatzi epaituak izaten ari dira asteotan, 28 epaiketaren zain daude eta beste hiru kondenaturik Auzitegi Goreraren ebazpenaren zain. Zortzi lagun gehiago kartzelan daude auzi mota hauengatik -hamar ziren atzo arte, Xabier Arina eta Imanol Salinas aske geratu baitziren Loiolako Askegunean atxilotutako gainontzekoekin batera-.

«Hemen gaudenoi Segi, Herrira, Batasuna, Askapena eta Ekinen militatzea leporatzen zaigu. Gu kalean gaude baina bada kartzelan den lagunik ere. Militante politikoak gara, ekintzaile sozialak. Herri mugimenduan edo ezker abertzalean aritu gara publikoki eta gure konpromiso hori gartzelarekin zigortu nahi dute, gu bidetik kendu asmoz», ohartarazi dute.

Ildo horretan, epaiketa politikoak gelditzea posible dela aldarrikatu dute eta oraingo helburua 28 gazteen espetxeratzea sahiestea dela azpimarratu dute.

«Horretarako gu ere laranjaz blaituko gara datorren azaroaren 8an», adierazi dute eta datorren larunbatean burutuko den mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute. Azaldu dutenez, mobilizazioa 17.30etan abiatuko da Antoniuttitik eta herri harresi bat osatuko dute Gobernu espainiarraren ordezkaritzaren aurreran.