NAIZ
LANGRAIZ OKA

Datorren asteburuan abiatuko da Arabako Bertsolari Txapelketa

18 bertsolarik parte hartuko dute urtarrilaren 25etik aurrera Arabako Bertsolari Txapelketan. Finala Gasteizko Printzipal Antzokian izango da martxoaren 21ean. Finalaurrekoak Dulantzin, Laudion, Legution, Aramaion, Zigoitin eta Langraiz Okan jokatuko dira.

Parte hartzaileak eta antolatzaileak txapelketaren aurkezpenean. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)
Parte hartzaileak eta antolatzaileak txapelketaren aurkezpenean. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

Orain bi urteko bost finalistek eta iazko kanporaketetan sailkatutako gainontzeko 13ek osatuko dute 2015eko Arabako Bertsolari Txapelketako 18ko taldea. Sei finalaurreko izango dira urtarrilaren 25etik aurrera. Lehena Dulantzin heldu den igandean eta gainontzekoak Laudion, Legution, Aramaion, Zigoitin eta Langraiz Okan. Finala martxoaren 21ean Gasteizko Printzipal Antzokian izango da.

Hauek Gasteizko finalerako lehian buru-belarri ariko direnak: Ander Solozabal, Asier Rubio, Felipe Zelaieta, Iker Agirre, Iker Pastor, Iñaki Viñaspre, Irati Anda, Jagoba Apaolaza, Jon Ruiz de Pinedo, Manex Agirre, Oihane Perea, Paula Amilburu, Peru Abarrategi, Ruben Sanchez, Unai Bengoetxea, Unai Mendibil, Xabi Igoa eta Zigor Enbeita.

Txapelketa sarean

Sarean ere txapelketaren jarraipen zehatza egiteko aukera izango da. Bertsozale.eus/araba webgunean, @ArabaBertsozale Twitter kontuan eta #abtx15 traolaren bidez sare horretan berean.