NAIZ
DONOSTIA

Labar arte paleolitikoko grabatuak aurkitu dituzte Zestoako Erlaitz haitzuloan

Gutxienez, zortzi animaliren grabatuak ikus daitezke Zestoako Erlaitz haitzuloan: zaldiak, oreinak eta uroak. Antxieta Jakintza taldeak arkitutako grabatuen data zehatzik ez dagoen arren, orain 22.000 eta 15.000 urte egindakoak direla adierazi dute.

Zestoako Erlaitz haitzuloan aurkitutako grabatuetako bat. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)
Zestoako Erlaitz haitzuloan aurkitutako grabatuetako bat. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Zestoan dagoen Erlaitz leizean labar arte paleolitikoko grabatuak aurkitu dituzte Antxieta Jakintza taldeko kideek.

Duela hilabete inguru Danbolinzulo haitzuloan egindako aurkikuntzaren ondotik, aurrez ezagutzen ziren beste kobazulo batzutan berriz begiratzeari ekin zioten Antxietako kideek eta hala iritsi da aurkikuntza hau.

Grabatu berri hauek Donostian aurkeztu dituzte asteazken honetan, eta oso garrantzitsuak direla nabarmendu dute. 8 animaliren grabatuak agertzen dira (zaldi, uro eta oreinak) eta beste batzuen zantzuak ere ageri dira. Bestelako material arkeologikoa ere aurkitu dute.

Garaiari dagokionez, azaldu dute ez dagoela erabateko akordiorik mota honetako grabatuak noizkoak diren zehazteko, baina argitu dute 22.000 eta 15.000 urte bitartean kokatzen direla.

Hau da, Danbolinzulo baino berriagoa baina Ekain baino zaharragoa dela esan dute.

Aurkikuntza horiek paisaia kultural berria osatzen dutela azpimarratu du Kultura, Gazteria eta Kirol diputatu Ikerne Badiolak. «Erlaitzen egindako aurkikuntzak garbi uzten du Deba, Zestoa... Sastarraingo bailara osoa eta ingurua, aberatsa dela labar artean eta orain arte izan dugun ikuspegia gainditu, eta begirada zabalago bat izan behar dugula», adierazi du.

Adituen arabera, Erlaitzek informazio zientifiko asko eskain dezake, Goi Paleolitikoko lehen giza talde ehiztari-biltzaileak, horien adierazpen grafiko eta sinbolikoen inguruan ez delako asko ezagutzen.

Gipuzkoako Aldundiak barrunbea behin behinean itxi egin du, egoera onean iraungo duela bermatzeko eta, horren ostean, EHUrekin batera, zuloa osorik aztertzeko proiektu bat diseinatzen ari da. Bertan izan diren giza taldeen eta garatu duten labar artearen berri izatea eta etorkizunean ondo zainduko dela bermatu ahal izateko kontrol neurri batzuk zehaztea du xede proeiktu horrek.