Zortzi gazteen absoluzioa txalotu, baina lan politikoa epaitu izana gaitzetsi du Ernaik

Iraitz Salegi kazetaria eta Ernaiko zazpi kideak absolbitu izana albiste ona dela adierazi du gazte antolakundeak, baina «beste behin ere Euskal Herriaren alde egindako lan politikoa epaitu dutela» salatu. Sortuk ere pozez hartu du Auzitegi Nazional espainolak gazteak errugabe jo izana.

NAIZ|BILBO|29/06/2015 20:19

Ohar banatan, Ernaik eta Sortuk poza adierazi dute zortzi gazteen absoluzioagatik.

Sententzia ezagutu eta gero Periko Solabarria gogoratu du Ernaik, zortzi gazteekin batera auziperatua izan zelako bera ere, nahiz eta azken orduan epaiketatik kanpo utzi zuten.

Ernaik gogor salatu du «beste behin ere Euskal Herriaren alde lan egindako lan politikoa epaitu dutela». «Gazteria kriminalizatu nahi dute, askapen borrokaren kimu berriak eten eta beraien kartzeletan ito. Salatu baita ere, epaiketan egindako ekimena Torrejon de Ardozeko epaitegiari eskatu diotela ikertzeko», nabarmendu dute.

Epaiketan aurkeztutako frogen eta lekuko batzuen «jarrera lotsagarria» agerian gelditu dela azpimarratu dute.

Horrez gain, «herri honen alde borrokan jarraitzeko erabakia» berretsi dute.

 

NOTICIAS RELACIONADAS