NAIZ
BILBO

Jaietako ekimenen debekuaren «erridikulua» arbuiatu dute Mamarigako auzokideek

Carlos Urquijo Gobernu espainolaren ordezkariaren ekimenez Santurtziko Mamariga auzoko jaietan egitekoak ziren bi ekimenen debekuaren aurrean, auzokideek argi utzi dute halako erabakiek ez dutela presoekiko eta haien senideekiko elkartasuna etengo. «Ez al dira konturatzen egiten ari diren erridikuluaz?», galdetu dute Mamarigako auzokide eta eragileek.

Mamarigako auzokide eta eragileen agerraldia, debekuak salatzeko. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Mamarigako auzokide eta eragileen agerraldia, debekuak salatzeko. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Mamarigako auzokide eta eragileek agerraldia egin dute asteazken honetan, Santurtziko auzo honetako jaien baitan burutzekoak ziren bi ekimenen debekuaren inguruko irakurketa egiteko. Zehazki, espetxean dauden auzokideen senideen pregoia –pregoi ofizialaren ondotik egitekoa zena– eta igandean ospatu behar zuten «pintxo solidarioa» dira Carlos Urquijo Gobernu espainolak EAEn daukan ordezkariaren ekimenez debekatu diren hitzorduak.

«Epaileek, Estatuko Abokatuak edo gobernadore jaunak pentsatzen baldin badute jai hauen parte diren gure auzokide zein lagunak gure kaleetatik edo jai egitarauaren ekimenetatik desagertuko direla, argi esan behar diegu, jai daukazue!», aldarrikatu dute.

Mamarigako auzokide eta eragileek gogor kritikatu dute uda honetan zehar pintxo-poteak edota mus txapelketak debekatu izana: «Gure eskubideetaz arduratu behar diren pertsona hauek ez al daukate ezer hoberik egiteko? Ez al dira konturatzen egiten ari diren erridikuluaz?», galdetu dute.

Aurreratu dutenez, datorren urtean debekuaz barre egiteko kale antzerkia edo halako ekimenen bat egingo dute, baina argi utzi nahi izan dute debekua ezarri dutenek auzoaren «errefusa osoa» daukatela.

Era berean, aurretik gelditzen diren jaietako egunetan zehar gozatzeko eta parte hartzeko deia egin diete auzokideei. Bereziki, igandean, jaietako azken egunean egingo diren ekimenetan parte hartzeko gonbitea egin dute, tartean debekuen aurkako parodia bat burutuko dutelako.