Tabakalera, ezagutzear

Ostiralean zabalduko dizkio ateak herritarrei Tabakalerak berrikuntza lanen ondoren. Inaugurazio instituzionala egin dute gaur arratsaldean eta hedabideei barrenak ezagutzeko aukera eman diete goizean. ‘Ikus-entzunezkoaren aldiriak: Inguruak marrazten duten puntuak’ da lehenego erakusketa.

@arianekamio|donostia|09/09/2015 18:25
Tabakalera
Tabakalerak espazio zabalak eta argiak ditu. (Juan Karlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Handia da, zinez. 37.000 metro koadroko azalera du Tabakalerak bere osotasunean eta ezin liteke esan handitasunezko eraikina ez denik. Bost solairutan banatutako «etxea» izango du ostiraletik aurrera kultura garaikideak, orduan irekiko baitizkio ateak gizarte orokorrari. Gaur arratsaldean izan da inaugurazio ofiziala, Donostiako Udala, Gipuzkoako Aldundia eta Lakuako Gobernuko agintariekin, eta goizean barruan gordetzen duena ikusi ahal izan dute hedabideek.

Sotoan gordetzen du apur bat tabako fabrika zaharraren arima. Ofizioa ikastera joaten ziren langileek egiten zituzten han lehenengo egonaldiak tabakoa txikitzen.

«Herriko plaza» ere izango du. Bai, plaza. Halaxe esan du behintzat Ane Rodriguez zuzendariak. Kafetegia eta gune komertzialak izango ditu inguruan. «Bizitza propioa» izatea nahi dugu.

Berezitasun gehiago. UBIK liburutegia. Sorkuntza liburutegia izango da, ez ohiko biblioteka arrunta. Baina guztientzat irekita egongo da. Artistentzat eta kuriositateak jota gerturatzen direnentzat. Abenduan zabalduko da.

Zine aretoa, erakustaretoa, artistentzat espreski bideratutako sorkuntza guneak, Hirikilabs eta bisitariak galdu ezinezko gunea. Azken solairuan, prisma. Donostiaren gainetko ikuspegi bikaina.

Tabakalera berri horrek lehenengo erakusketa ere badu. ‘Ikus-entzunezkoaren aldiriak: Inguruak marrazten duten puntuak’, ikus-entzunezkoaren inguruan mugitzen ahal denari begirada berezia, bideoz, objektuz eta beste hainbat adierazpidez hornitua. Ostiraletik aurrera zabalik.