NAIZ
GASTEIZ

Aitzol Gogorzaren askatasuna aldarrikatu du Gasteizko Legebiltzarrak

Gasteizko Legebiltzarrak gaixotasun larria duen Aitzol Gogorza presoa aske uzteko eskatu du, arrazoi humanitarioak tarteko. EH Bilduren eta EAJren botoekin egin du aurrera proposamenak; PSEk eta PPk aurka bozkatu dute.

Errenterian larunbatean Gogorzaren askatasuna eskatzeko egin zuten agerraldia. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Errenterian larunbatean Gogorzaren askatasuna eskatzeko egin zuten agerraldia. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Legebiltzarrak Aitzol Gogorzaren askatasunaren aldeko legez besteko proposamena onartu du, EH Bildu eta EAJren botoekin. PSEk eta PPk aurka bozkatu dute.

Legez besteko proposamena Giza Eskubideen Batzordean eztabaidatu dute, koalizio abertzaleak bultzatuta. EAJrekin adostutako zuzenketa bat onartu dute.

Onartutako testuan, Legebiltzarrak berresten du «pertsona guztiei, preso direnei ere, administrazio publikoek dagozkien giza eskubideak bermatu behar dizkietela» eta defendatzen du espetxe politikak «konponbide humanitarioak ezarri behar dituela gaixorik dauden presoentzat». Kasu larrietan kaleratu behar direla ere aldarrikatzen du.

Eztabaidan, Julen Arzuagak gogoratu du larunbatean Errenterian kolore guztietako zinegotzi ohiek agiria sinatu zutela Gogorzaren askatasuna eskatuz. Jasaten duen gaixotasuna –iraupen luzeko nahasmendu obsesibo-konpultsiboa, sintoma psikotikoekin– eta hiru aldiz bere buruaz beste egiten saiatu dela gogora ekarri du, eta hala ere oraindik preso jarraitzen duela salatu, nahiz eta legeak gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna ahalbidetzen duen. «Kasu hauetan ez dirudi Zuzenbide Estatua dugunik», esan du. Eztabaidatutako testuaren inguruan akordio zabalagoa ez lortu izana deituratu du.

EAJko Iñigo Iturratek testua aho batez onartu ez izana deitoratu du eta giza eskubideak «unibertsalak» direla defendatu du, beraz pertsona guztiei bermatu behar zaizkiela.

PSEko Patxi Elolak esan duenez, Errenteriako ekitaldira joan ziren bere alderdiko zinegotziak modu pertsonalean joan ziren eta alderdiaren jarrera, berrriz, legea eta erabaki judizialak «onartzean» datza.