Amagoia Mujika Telleria

Raketista profesionalak

1917tik 1980ra artean ehunka emakume raketista izan ziren lanbidez, historiako lehen euskal emakume kirolari profesionalak bihurtuz. Nagusiki Madril, Bartzelona, Kuba eta Mexikoko frontoietan aritzen ziren raketarekin eta larruzko pilotarekin. Garaiko jendartean izarrak ziren; gaurkoan, kontatu gabeko historia baten protagonista.

Badira hilabete pare bat Errenteriako pilotalekuak izen berria duela: Agustina Otaola Raketista Profesionala. Inaugurazioaren egunean, Agustina ez ezik, beste zazpi emakume gerturatu ziren Errenteriako ekitaldira, guztiak bere garaian raketista profesional izandakoak, kirolari profesionalak alegia. Izan ere, 1917 eta 1980 artean ehunka emakume aritu ziren raketarekin beren bizimodua aurrera ateratzen, eta ez nolanahiko bizimodua gainera. Ehunka raketista horien arteko gehienak euskaldunak ziren. Horietako askok Estatu espainoleko eta hortik kanpoko pilotalekuetan osatu zuten beren kirol ibilbidea, baina Euskal Herrian apenas ezagutzen den beren ibilera horien berri. Oiartzungo Txost Pilota Taldeko Ainhoa Palomok eta Jon Juanesek hilabete batzuk daramatzate mirespenez eta pasioz emakumeon kirol ibilbidea jasotzen. Izan ere, raketista profesionalena kontatu gabeko historia da, baina kontatzea merezi duena.

1917. urte inguruan Estatu espainolean hainbat pilota modalitate zeuden zabalduta; zesta, pala, eskua eta erremontea. Garai hartan pilota zen kirol nagusia Estatu mailan eta pentsatu zuten emakumeak ere kirol arloan sartzea modu profesionalean. Garai hartan frontoia zen dirua joka zitekeen eremu bakarrenetakoa; ez zegoen ez kasinorik ez bingorik, eta horregatik izaten zen hainbeste mugimendu frontoien bueltan. Apustu giro horretan saiatu ziren emakumeak kantxara sartzen. «Hasieran zesta modalitatean hasi ziren jokatzen emakumeak, Bartzelonan, baina ez zuen funtzionatu. Geroago, Donostiako Anabitarte enpresa gizona eta puntista ohia saiatu zen emakumeen raketa modalitatea bultzatzen, hasiera batean teniseko pilotarekin. 1917. urtea zen eta pilota jokamolde guztietan adierazgarriena larruzko pilota zen. Horregatik, espektakulua hobetzearren, pentsatu zuten raketistei ere larruzko pilota ematea», azaldu du Jon Juanesek.

Larruzko pilotarekin jokatzeko moduko raketak egitea izan zen hurrengo pausoa. Hasiera batean Estatu frantsesetik eta Ingalaterratik ekarri omen zituzten raketak, baina ez zuten balio larruzko pilotarekin jokatzeko; raketak erraz hausten ziren. Bazen ebanista sonatu bat, Valentin Zumalabe mutrikuarra, eta harengana jo omen zuten irtenbide bila. Zumalabek larruzko pilotarekin jokatzeko moduko raketa bereziak asmatu zituen eta haiekin hasi zuten emakume raketistek beren kirol ibilbidea. Gaur egun Zumalabe raketa bat izatea altxor handia da. Raketisten arrakasta berehalakoa izan zen. 1919. urterako Madrilen lau frontoi zeuden partida horiek hartzeko. «Saiatu ziren gizonen raketa partidak ere antolatzen, baina jokoa kontrola ezina zen», nabarmendu du Juanesek.

1923. urteko egunkarietan dagoeneko hasi ziren agertzen kirolari horien ezizenak; La Reina de la Cancha; La Fenomeno de la Raqueta; La Leona de la Zaga... Alegia, kantxan ez ezik garaiko komunikabideetan ere lortu zuten beren tokia kirolari horiek, beren jardunak zeukan arrakastaren seinale.

Habana-Madrid pilotalekua

Azkar egin zuen salto raketisten jardunak Estatu espainoletik kanpo. 1921-1922 inguruan Kubako pilota enpresa batekin akordioa egin eta Habana-Madrid pilotalekua sortu zuten bi enpresariren artean Habanan bertan. Garai hartan zeuden frontoien artean hori izan zen diru gehien mugitu zuena.

«Kuban, Mexikon... zestak puntu gorena lortua zuen ordurako eta pentsatu zuten emakumezko raketistak ere bertara eramatea, arrakasta izango zutelakoan. Eta Madrilgo raketista onenak Kubara eraman zituzten». 1924-1925 ingururako emakume raketista talde bat Kuban zegoen bizitzen eta lanean. Tartean, Agustina Otaolaren izeba, Josefina Otaola, garai guztietako raketista onenen zerrendan dagoena. Agustinaren lau izeba raketista izan ziren bere aurretik.

Izan ere, Madrilgo eta Kubako lehen raketisten artean Euskal Herrikoak ziren asko, harrobi nagusia bertan zegoelako. «Anabitarte enpresa gizonak hasieran, proba modura, zenbait partida antolatu zituen Euskal Herrian; Biarritzen, Igeldon... Emakume raketistak teniseko pilotekin aritu ziren hasiera hartan. Baina hemen ez zuen funtzionatu eta horregatik eraman zuen proiektua Madrila». Eta raketistak Euskal Herritik eraman zituen. Agustina Otaolak kontatzen duenez, «eskolaz eskola ibili omen zen Anabitarte neska bila. Nire izebak hala joan ziren Madrila, eskolan zeudela enpresa gizon hark eskaintza egin zielako».

Euskal Herrian, gaizki ikusita

Harrobia Euskal Herrikoa bazen ere, bertan ez zuen arrakasta handirik raketisten jardunak. Datuak argigarriak dira; Bartzelonan aldi berean zortzi frontoi izan ziren martxan; Madrilen, historian zehar, hamabi; Euskal Herri osoan, dakigula, hiru; Donostian, Bilbon eta Eibarren.

«Euskal Herrian ez zegoen ondo ikusita raketisten ofizioa. Emakumea plazan, pilota munduan eta apustu giroan aritzea ez zegoen ondo ikusita. Emakume gazteak ziren, 15 urtetik hasita, eta garaiko gizartean askok pentsatzen zuten emakumeak etxean behar zuela. Are gehiago, batzuetan gezurretan aritzen ziren gurasoak eta Madrila edo Bartzelonara raketista joandako alaba neskame joan zela esaten zuten. Beste kasu batzuetan, behin ezkonduta, senarrak berak debekatu egin zien raketista izan zirela kontatzea, eta urtetan ezkutatuta izan zuten. Eibarren kontatu digutenez, alaba raketista sartzeko gonbitea egin ziotenean hala esan omen zuen haren amak: ‘Nik ez dut alaba putarik nahi’. Kontrakotasun horren gainetik alaba raketista izan zen, garai guztietako onenetakoa gainera», kontatu du Ainhoa Palomok.

Kasuistika zabala da; raketista batzuek bospasei urte jokatzen zituzten, ezkondu eta etxera erretiratzen ziren. Beste batzuek, berriz, ibilbide askoz luzeagoa egin zuten. Goi mailako kirolari profesionalak izan ziren eta hogei urtetik gorako ibilbidea osatu zuten. «Harrigarria da horiei buruz ezer ez jakitea», iritzi dio Palomok.

Madrilen, esan bezala, arrakasta lortu zuten emakume pilotari haiek eta 1929. urtean ireki zen Fronton Madrid, gerora La Catedral de la Raqueta bezala ezagutuko zena. «Anabitartek berak sortutako frontoia izan zen eta aldi guztietako raketista onenek bertan jokatu zuten. Gainera, jokamolde hau 1980. urtean amaitu zen eta ixten azkeneko frontoia izan zen. Horregatik guztiagatik frontoi garrantzitsua izan zen», kontatu du Juanesek. Gainera, frontoi horrek bazituen besteek ez zituzten zerbitzuak; ile-apaindegia, jatetxea, te-aretoa...

Emakume raketisten jarduna antolatu eta bultzatu zuten enpresarien helburua dirua irabaztea zen, zalantzarik gabe. Eta raketisten inguruan dirua mugitzen zen, nahiz eta kirolari guztien panorama ez zen berdina. Onenak, punta-puntakoak, gehiago harremantzen ziren palkoarekin eta ohikoa omen zen raketistak toreroen eta aktoreen bueltan ikustea. «Raketistak modako emakumeak zirela esan daiteke. Eta, urte batzuk geroago, are gehiago. Mexikora eta Kubara joaten zirenean, moda-modako bihurtzen ziren eta aktore oso famatuekin harremantzen ziren». Alboko orrialdean Gary Cooper aktore famatua ikus daiteke raketista talde batekin, 1952an.

Maria Antonia Uzkudun, Txikita de Anoeta goitizenez ezagunagoa, punta-puntako pilotaria izan zen 1941etik 1967ra bitartean. Garai guztietako raketista onena bezala hartzen da, eta, Mexikon jokatu zuenean, sari oso garrantzitsuak banatzeko deitzen zioten; hipodromoko sariak, literatur mailakoak... Kontatzen dutenez, raketistek kaletik bakarrik ezin zuten ibili, ikusmin handia pizten zuelako. Eta taxi bat izaten zuten etxeko atarian egun osoan beraien zain, joan behar zuten tokira eramateko.

Ehunka emakume

1943. urteko estatistika baten arabera, jokamolde guztiak kontuan hartuta (eskua, pala, erremontea, zesta...) 1.432 pilotari profesional zeuden eta horietatik erdia baino gehiago, 734 zehazki, emakume raketistak ziren. 1947. urteko beste datu baten arabera, urte hartan 737 raketista profesional zebiltzan kantxetan.

1935. urtean, eta izandako arrakasta ikusita, beste enpresa gizon batzuek ere interesa agertu zuten. Hartara, Jesus Goiri palista izandakoa Anabitarterengana joan zen aholku eske, Anabitartek Madrilen egin zuena berak Bartzelonan egin nahi zuela-eta. Hala, Madrilen Anabitartek zituek raketista onenak Goirik Bartzelonan irekitako frontoira eraman zituen.

Beraz, Estatuan Madril eta Bartzelona izan ziren raketaren gune indartsuenak. Estatu espainolean 37 frontoi izatera iritsi ziren eta bakoitzean 30-40 raketista aritzen ziren. Egunero jokatzen zituzten partidak, punta-puntan ez zebiltzanek arratsaldez eta gauez, eta, onenek, gauez bakarrik. Horrek esan nahi du egunero betetzen zirela frontoiak. Eta diru asko mugitzen zen apustuetan. Garaiko egunkariek kontatzen dutenez, egun batean Mexikoko frontoi batean garaiko 916.000 pezeta jokatzera iristen ziren apustulari denen artean. 1952. urteko egun batean dirutza hori jokatzea esanguratsua da.

«Raketisten unibertsitateak»

Hainbeste mugimendu sortzen zuen jardunaren oinarrian raketistak zeuden, eta, beraz, harrobiak garrantzia handia hartu zuen. 1936. urtean, gerra aurretik, “Raketisten unibertsitateak” zeuden martxan. Garaiko egunkari batek jasotzen duenez, Eibarren hiru eskola zeuden martxan eta Zarautzen, Errenterian eta Tolosan beste bana irekitzekoak ziren.

«Raketak arrakasta handia zuenez, neskak behar ziren. Eta orduan Euskal Herrira neska bila etortzen hasi ziren; ondorioz, raketisten eskolak sortu ziren. Neskato horiek 12-13 urterekin hasten ziren eskola horietan eta denen helburua izaten zen formakuntza jaso eta kanpora joatea, Madrila, Bartzelonara, Mexikora edo Kubara», kontatu du Palomok. Raketista eskola horietara joateko ordaindu egin behar izaten zen.

Familia askok inbertsio modura ulertzen zuen, gerora raketista profesional izan eta alabak etxera dirua ekarriko zuelakoan.

Raketisten artean denetarik zegoen, hobeak eta txarragoak. Baina denek Federazioaren bitartez proba bat pasatu behar izaten zuten debutatu ahal izateko. Eta raketisten mailaren arabera, beren soldata ere desberdina zen.

Punta-puntan aritzen ziren raketisten soldatak garrantzitsuak ziren. Esaterako, Agustina Otaolak bere ibilbide ia osoa Madrilen osatu zuen. Baina 1957. urtean Habana-Madrid frontoian jokatzeko kontratatu zuten eta Habanara joan zen. Berez urtebeterako kontratua zuen, baina gerra soinuak tarteko, beldurtu eta bi hilabetera etxera bueltatu zen. Bi hilabete jokatu zituen, baina lau kobratu, hilean 30.000 pezeta. Dirutza bat garai hartan.

Mexikon, 1960. urtean, Agustinak 16.500 pezetako soldata sinatu zuen. Urte hartan bertan, Oarsoaldean erdi-goi mailako soldata bat hilean 4.000 pezeta ingurukoa zen. Madrilen eta Bartzelonan raketisten soldatak txikiagoak ziren, baina ez nolanahikoak.

Soldataz aparte, kinielatan lortutakoa ere raketistentzat izaten zen. «Lehenengo kiniela jokatu behar izaten zuten gero partida jokatu behar zuten lau pilotariek eta beste bik. Ilaran jartzen ziren, bat baten aurka, eta sei tanto lortzen zituenak irabazten zuen. Hor dirua mugitzen zen, apustu mota bat baitzen kiniela. Eta horko diruaren zati bat raketistentzat zenez, haientzat pizgarri bat zen kinielena», kontatu du Juanesek.

Raketisten artean panorama anitza zen hala ere, eta denek ez zuten Agustina Otaolak adina irabazten. Baziren lortutako diruarekin bizirauten zutenak eta zerbait sobera izanez gero familiari bueltan ematen ziotenak. Pentsatzekoa da horiek juxtuago biziko zirela. «Raketista bihurtzearena familiaren inbertsio bat izaten zen neurrian, familiak bueltan jasotzen zuen raketistak irabazitakoaren parte bat. Eta denak ez ziren hain ondo bizi; gastuak zeuden, raketak erosi behar ziren, etxetik kanpo bizi...», zehaztu du Palomok.

Behin kinielak jokatuta, partida izaten zen, normalean bi biren kontra. Partida batzuetan baldintzak izaten ziren, ahalik eta orekatuena izate aldera. Raketisten arabera moldatzen zituzten partidak. Esaterako, Soroari debekatu egin izan zioten airez sartzea, oso ona zelako horretan, eta Agustina sakea atzeraxeago egitera behartzen zuten, oso sake ona zuelako eta min handia egiten zuelako sakearekin».

Gerra garaian, debekatu nahia

1936an gerra hastean, frankistak raketisten jarduna debekatzen eta frontoiak ixten saiatu ziren, baina ez zuten lortu, ordurako indar handia hartua baitzuen kirol hark. «Dena debekatzen saiatu ziren eta, lortu ez zutenez, arauak zorroztu zituzten; frontoi gehiago irekitzea ere debekatu zuten», esan du Juanesek. Gerra garaian, beraz, etenaldi garrantzitsua izan zen. 1938. urtean, esaterako, Groseko frontoia zen raketistek entrenatzeko eta jokatzeko modua zuten leku bakarretakoa.

Raketistena estetika oso zainduko kirola zen, gonarekin eta ondo elegante jokatzen baitzuten. Bada beste datu esanguratsu bat: larruzko pilotarekin eta abiada bizian jokatu arren, ez zuten kaskorik erabiltzen, jarduna «itsustuko» zuelakoan. Kirol arriskutsua zen eta ezbehar bat baino gehiago gertatu zen buruan jasotako pilotakadak zirela eta, tartean heriotzaren bat.

1980. urtean itxi zen raketisten azken frontoia, Fronton Madrid deiturikoa. 70eko hamarkadatik aurrera apustuak eremu berriak topatu zituen; bingoak, kasinoak eta bestelakoak. Apusturako aukera gehiago zeuden eta kirol modalitateak ere ugaritzen joan ziren. Emakumea, berriz, beste kirol esparru batzuetan ere agertzen hasi zen, eta, pilotak, oro har, behera egin zuen. Faktore desberdinek eragin zuten raketaren gainbehera eta emakume kirolariaren ibilbidean kapitulu garrantzitsu bat itxi zen. Baina modu oso garrantzitsuan itxi zen, epaitegietan borroka asko egin ondoren, raketistek kirolari profesionalak izatearen aitortza lortu baitzuten.

«Behin frontoia ixtear zela, raketistak konturatu ziren profesional modura aritu ziren arren, ez zutela ez pentsiorik ez ezer, gizarte segurantzarik gabe aritu zirelako. Hainbat raketistek epaitegietara jo zuten eta jurisprudentzia sortu zuten. Frogatu zuten lan harremana egon zela eta zegokien pentsioa aitortu zien epaitegiak», azaldu du Ainhoa Palomok.

Estatu espainoleko lehendabiziko emakume kirolari profesionalak izan dira. Kontatu beharreko historia da. Eta, akaso, zure herrian bada baten bat.

Gaur arte dakitenaren arabera, honako herrietakoak ziren raketistak: Gipuzkoan; Irun, Oiartzun, Errenteria, Lezo, Pasaia, Donostia, Elduaien, Asteasu, Irura, Anoeta, Aizarna, Getaria, Zarautz, Azkoitia, Eibar, Elgoibar, Arrasate, Andoain, Ibarra, Deba, Berastegi eta Mutriku.

Bizkaian; Bilbo, Mallabia, Ermua, Markina, Gallarta, Igo eta Arrate. Nafarroan; Areso eta Iruñea. Eta, Arabam, Leintz Gatzaga.

«Oso zaila da haiek jokatzen zuten bezala jokatzea»

Maider Mendizabal palistak, munduko txapeldun izandakoak, oso gertutik segitzen du raketista profesionalen ibilbidea. Beretzat sekulako deskubrimendua izan zen duela urte batzuk kirolari hauen berri izatea, eta, raketista guztietan onena izan dena, Chiquita de Anoeta, herrikoa zuela jakitea. Horregatik, kontatu gabeko historia hau ezagutzera emateko ahalegina egiten ari da, Txost Pilota Taldekoekin elkarlanean.

Mendizabal eskarmentu handiko palista da, frontoiaren sekretuak ondo ezagutzen dituena eta liluratu egiten du raketisten jokoak. «Oso-oso zaila da raketarekin eta larruzko pilotarekin haiek aritzen ziren bezala aritzea. Pilotak sekulako abiada hartzen zuen, frontoi txikiak ziren... sekulako teknika behar da horretarako. Eta nik, adibidez, ez nuke sekula aurrean eta kaskorik eta betaurrekorik gabe jokatuko, benetako beldurra ematen du», nabarmendu du. Gaur egun jada adinean sartuta daude raketistak eta apenas iritsi zaizkigu garai hartako irudiak. «Gaur egun zaila egiten da kirolari hauek nola jokatzen zuten irudikatzea, baina benetan ikusgarria zen beren kirol jarduera. Ni saiatu naiz eta benetan zaila da. Zaila zen jokatzea eta sekulako jokaldiak egiten zituzten, bi eskuekin, errebotearekin... Jendeak ezin du irudikatu ere egin jokoa zein zaila zen eta zer-nolako abilidadea zuten kirolari haiek».

Maider Mendizabalentzat sekulakoa litzateke raketisten kirol jarduna berpiztea, eskoletara gerturatu eta egungo neskatoak raketara erakartzea. «Benetan ederra da raketistak jokatzen ikustea, espektakulu ederra». Azken urteotan erakustaldi zenbait egin dituzte, baina ez da erraza raketa egokiak moldatzea. «Antzeko pilotak egitea lortu dugu, baina raketena zaila da, oso sokateria berezia zutelako. Raketak erabat eskuz eginak ziren eta gaur egun jada ez da ezer horrela egiten», nabarmendu du.