Gotzon ARANBURU

Gazteak eta nekazaritza

Goizeko seiak dira eta musika klasikoa entzuten da Orendaingo Larraspi baserrian. «Lasaitasuna behar dute behiek», diosku Iñaki Zuriarrainek, jezte lanetan ari dela. Bizkor ibili beharra dauka, Zaldibiako Goizane elkartean hitzaldia du eta. Zertaz? Nekazari gazteen pozez eta tristurez, bietatik baitauka egun baserritik bizimodua ateratzeak.

Iñaki Zuriarrainen baserria, Orendainen. (Gotzon ARANBURU)
Iñaki Zuriarrainen baserria, Orendainen. (Gotzon ARANBURU)

Jakina da gero eta nekazari gutxiago dagoela Euskal Herrian, bai behintzat Hegoaldean. Eta dauden gehienak, adinean aurrera joandakoak dira dagoeneko. Nekazaritza eta gazteak nola josi, sektorea nola gaztetu, hara ENBA sindikatuak abenduan eta urtarrilean Goizanen antolatu dituen jardunaldien helburua. Adituak, administrazioa, baserritarrak… hainbaten ahotsak entzun dira egunotan Txindoki mendira begira dagoen eraikin honetan.

Lakuako Gobernuko Nekazaritza sailburuorde Bittor Orozek argi eta garbi esan die bildutakoei: sektorearen batez besteko adina altua da, 58 urte, altuegia gauza onerako. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamar baserritarretik hiruk 65 baino gehiago dauzka, eta hamarretik batek bakarrik 40 urte baino gutxiago. Halere, azken hamar urteotan 753 gaztek azaldu dute sektorean hasteko gogoa, eta horietatik 483 hasi dira lanean “Gaztenek” programaren diru laguntzak jasota.

Baina Orozek berak onartu duen bezala, laguntzek soilik ez dute gaztea baserrira erakarriko. Berez behar du bizimodua aurrera atera, lanaren truke soldata duina jaso, laguntzak ere bukatu egiten baitira eta norberaren esfortzua baino ez baitu izango handik aurrera baserritar gazteak.

Zuriarrain anai-arreben kasua hori izan da. Beti ikusi dituzte gurasoak baserrian lanean eta umetatik gustatu egin izan zaie behiekin lan egitea. Bi anaiek ez dute kanpoan lan egiteko tentaziorik izan sekula, eta arreba ere bazkide egin da, bestelako zereginetan ibili ondoren. Alegia, Larraspi baserria Zuriarrain anai-arrebek kudeatzen dute, esnea ekoizteko enpresa osatuta. Egun, 400 behi dauzkate guztira eta horien erdiak jezten dituzte, besteak hazten diren bitartean.

«Batek bakarrik ezin du inolaz ere horrelako esplotazio bat eraman, erabat esklabo bihurtuta ere ez. Baina gure etxean suerte hori eduki dugu, hiruroi gustatzen zaigula nekazaritza. Hala, gurasoek amestu ere ezin zezaketen gauzak egin ditzakegu guk, esate baterako, normalean hiru asteburutik bi jai hartu eta bakarra lan egin. Laguntzak jaso genituen hasieran –28 urte dauzka Iñakik– eta ondo etorri zitzaizkigun, jakina, baina gero datoz kontuak, zeure lanarekin solik bizimodua atera behar duzunean. Guk Kaikuri saltzen diogu esnea eta oraingoak ezin gara kexatu, aurrera goaz», esan du Zuriarrainek.

Baina ez pentsa dena erraza denik. Goizeko bostetarako lanean ari dira Larraspin, eta urteko zenbait garaitan berandu arte segitu beharra izaten dute, esaterako, artoa bildu behar izaten duten garaian. Artoa aipatuta, basurdeen gaia jarri du mahairen gainean, hauek ere ez dutela askorik laguntzen esanda; izan ere, noizbehinka artasoroan sartu eta txikizio galanta egin izan dietela azaldu du. Esnearen prezioa eta kuotak ere gertutik zaindu beharreko kontuak dira eurentzat, gorabehera txiki batek eragin handia eduki dezake eta. Badira, ordea, kuantifikatzen errazak ez diren kontuak, baina garrantzi handikoak, prestigio soziala esate baterako. Hortik gutxi daukate gure artean baserritarrek, Hego Euskal Herrikoek behintzat, eta nozitzen dute Zuriarrain anai-arrebek. Gizarteak, orokorrean, lagundu beharrean oztopoak jartzen dizkien irudipena daukate, zelaiak simaurtzerakoan usaina sortzen dutela, abereak “esplotatu” egiten dituztela… esanez. Horrelakoak aditu behar izaten dituzte eta ez dio onik egiten Iñakiri.

Izan ere, bere iritziz, polita da kaletarrarentzat eta turistentzat asteburuan mendira joan eta dena berde, zaindua, polita ikustea, baina zelaiak eta basoak zaintzen dituena baserritarra dela gogorarazi du eta «baserritik bizimodua ateratzerik ez badu… nork zainduko du natura?». Suitzan eta ibilitakoa da Iñaki eta han nekazariek bestelako indarra eta prestigioa dutela nabarmendu du.

Lurra, formakuntza, laguntzak, finantzaketa tresnak

Lau zutabe ezinbesteko aipatu ditu Bittor Orozek gazte batek nekazaritzara jauzi egiteko: lurra izatea, formakuntza, zuzeneko laguntzak eta finantzaketa tresnak. Gurasoak edo sendia baserritarra dutenek nahiko erraz daukate lurra eskuratzea, baina besteek ez. Horretarako, “lur bankuak” izeneko tresna dago martxan. Formakuntzari dagokionez, nekazari eskolek dute batez ere ardura hori. Diru laguntza zuzenak Lakuako eta Nafarroako Gobernuek ematen dituzte, baita aldundiek ere. Eta finantzaketa tresnak ere jarri dira martxan azken urteotan, ikusita bankuek ez dituztela kredituak erraz ematen. Esate baterako, gertatu ohi da gazte batek 50.000 euroko laguntza jasotzea baina beste 30.000 behar izatea esplotazioa martxan jartzeko. Bankuari eskatu eta aitonaren baserria jarri behar hipotekaren berme. «Bada Jaurlaritzak egiten duena da hipoteka horren bermea berak eman», azaldu du sailburuordeak. Landa Garapenerako Programetan (PDR) 380 milioi euro inbertituko dira EAEn datozen zazpi urteetan: 293 milioi Lakuak eta aldundiek jarriko dituzte, eta beste 87 milioiak Europako funtsetatik datoz.

Guztiaren beharra izango da baserriak bizirik ikusi nahi izanez gero; izan ere, zifrak deigarriak dira: 1999ko erroldaren arabera, 24.703 nekazaritza ustiapen zeuden EAEn, eta hamar urte beranduago 16.652 besterik ez. Alegia, transmisioa eten egin da kasu asko eta askotan.

Ipar Euskal Herrian, egoera hobea

Ipar Euskal Herriari dagokionez, egoera hobea da. Azken hamarkadan urtero 70 gazte inguru hasten dira –laguntzak jasota– nekazaritzaren sektorean, eta beste 30 bat laguntzarik gabe, ENBAk gonbidatuta etorri den Laborantza Ganberako ordezkari Iker Elosegik esan duenez Zaldibian. «Estatu frantsesean egindako inkestan, etxaldeen hirutik bik segida ez daukala ziurtatuta ikusi da: Ipar Euskal Herrian, berriz, hirutik bik bermatuta daukate transmisioa. Baina ez gara horrekin asetzen, etxalde guztiek segida izatea da gure erronka», diosku Ikerrek.

Iparraldean, nekazari hasten direnetatik %20 baino gehiago aurretik laborantzarekin harremanik izan gabekoak dira, alegia, ez dira baserritarraren seme, alaba edo sendiko. Kasu hauetan, transmisio hori ondo egiteko oso programa zehatza aplikatzen da, gero arazorik sor ez dadin, eskarmentuak hala aginduta. Guztia lotzen eta adosten dute esplotazioa uzten duenak eta hartzen duenak: lurrak eta etxea hartuko dituen, edo lurra bakarrik, zer aldatuko duen edo zer abere haziko dituen, aurreko jabearen aholkularitza eta laguntza onartuko dituen edo ez… 

Iker Elosegiren aburuz, nabarmena da Ipar Euskal Herrian Hegoaldean ez bezalako prestigioa daukala nekazaritzak, beharbada laborantza mota ere ezberdina delako; txikiagoa eta kalitateari gehiago begiratzen diona Iparraldean. Baina Estatu frantseseko beste eskualde batzuetan ere inork gutxik izan nahi omen du nekazari, Bretainian adibidez. «Lotsa ere badute laborari direla errateko jendartean. Gainera, hain itsu jo dute neurri handiko esplotazioetara, hainbeste diru inbertitu dute… gero ez dago inor horiek erosteko ahalmena duenik», dio Ikerrek. Hego Euskal Herrian industriak daukan erakarmena ezin da konparatu Iparraldekoarekin, eta hori laborari etxaldeen transmisioan nabaritzen dela esan du Elosegik: «Hala ere, egiazki zaila egiten zait ulertzea zerendako ez den jende gehiago hasten nekazaritzan Hegoaldean».