NAIZ
BILBO

Mieltxo Monfort, Bilbo Hiria irratiko koordinatzailea, zendu da

Mieltxo Monfort Bilbo Hiria irratiko esatari eta koordinatzailea zendu da, 62 urte zituela eta gaixotasun baten ondorioz. Sortzez hernaniarra, baina Bilbon eman du bizitzako zatirik handiena, non 1997tik Bilbo Hiria irratiko motorra izan den.

Mieltxo Monfort irrati esataria zendu da. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Mieltxo Monfort irrati esataria zendu da. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Mieltxo Monfort irrati esataria zendu da, 62 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Bilbo Hiria irratiko koordinatzailea zen, eta baita Arrosa Sareko Zebrabidean saioko kolaboratzailea ere.

Hernaniarra zen jaiotzez, baina ikasketak Bilbon burutu ostean bertan eman ditu bizitzako urte gehienak. Bikoizketa eta lokuzio lanetan hasi zen, hasieran K2000 estudioan eta, ondoren, 1997tik hona, Bilbo Hiria irratian. «Berari erabat lotua izan da irratiaren ibilbidea, bera izan baita urteotan irrati honen motor nagusia», adierazi dute.

Kolaboratzaile sare zabala osatu zuen urteotan Monfortek, lagun mordoak parte hartzen baitzuen berak gidatzen zuen 'Ibaizabal' magazinean. Horrez gain, azken urteotan Arrosa Sareko 'Zebrabidea' saioan eta, urriaz geroztik, Hala Bedi Birekin batera goizero egiten den 'Hizpidea' informazio saioan aritu da.