Emakumeen Birari egonkortasuna emateko urrats garrantzitsua egin du Gasteizko Legebiltzarrak

EH Bilduk proposatuta, Emakumeen Birarekin hitzarmena sinatzeko eskatu dio, aho batez, Gasteizko Legebiltzarrak EiTBko zuzendaritzari. Hala, Birari Women World Tour-eko partaide izateko UCIk eskatzen duen telebista-estaldura ziurtatuko dio telebista publikoak. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak egiten duen egutegian egote aldera urrats garrantzitsua da.  

NAIZ|GASTEIZ|14/04/2016 13:35
Aa_20160413551615
Lotta Lepïstok irabazi zuen atzo aurtengo Birako aitzin-etapa. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Koalizio abertzalearen ekimenez, Emakumeen Birari babesa eta egonkortasuna emateko legez besteko proposamena onartu du, aho batez, Gasteizko Legebiltzarrak.

Hala, EiTBko zuzendaritzari eskatzen zaio, alde batetik, Emakumeen Birarekin hitzarmena egin dezala, datozen urteotan probaren telebista bidezko jarraipena ziurtatuko dutena. Akordio horren bitartez, Birari Women World Tour-eko partaide izateko UCIk ezarritako telebista estaldura ziurtatuko dio EiTBk, horretarako behar diren bitartekoak bere gain hartuz.

Bigarrenik, telebista publikoari eskatzen zaio parte har dezala, Lakua eta Emakumeen Birako antolatzaileekin batera, UCIrekin egiten ari diren kudeaketa eta harremanetan, eta adostu dezatela konponbide aproposena, Emakumeen Bira World Tour-eko zirkuitu berrian onartua izan dadin.

EH Bilduko legebiltzarkide Lur Etxeberriak proposamena aho batez onartu izana txalotu du, eta gogoratu aurtengo edizioa UCIren egutegitik kanpo geratu dela, EiTBk eta Lakuak ez dutelako bermatu azken ordura arte telebistaz frogari jarraipena egiteko asmoa zutela.

«Etapa garrantzitsua da irabazi duguna. Hala ere, kontziente gara kirolaren esparruan lan asko daukagula egiteko oraindik. Kirola, gaur egun, nagusiki, patriarkatuaren gotorlekua delako», adierazi du Etxeberriak.

Horrez gain, EH Bilduk iragarri du bihar Emakumeen birako etapa bukaeran izango dela, Urkiolan, antolatzaileei babesa adierazi eta Gasteizko Legebiltzarrak onartu duen ebazpena emateko.