Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Sarasolak erabileraren alde egiten du ‘Bitakora kaiera’ saiakeran

Garbizaletasunari izkin egin eta euskara batua sustatzeko begia erabileran jarri beharra dagoela uste du Ibon Sarasolak. Hala argudiatzen du Erein-ekin argitaratu duen ‘Bitakora kaiera’ saiakeran.

Ibon Sarasola, ‘Bitakora kaiera’ saiakerarekin. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Ibon Sarasola, ‘Bitakora kaiera’ saiakerarekin. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

‘Bitakora kaiera’ saiakeran euskara batuaren ibilbideaz hausnartu eta erabilera hobestearen aldeko hautua egiten du Ibon Sarasolak, gaur goizean liburuaren aurkezpenean azaldu duenez. «Esplikatu nahi nuena zen euskaldunen komunitatean gertatu den aldaketa. Oso zaila da hizkuntza bat estandarizatzea, are gehiago hizkuntza gutxitua denean. Galegoak porrot egin du. Norvegiak bi ditu. Ez da hain erraza», azaldu du, eta Euskal Herriaren kasuan diktadurapean egotearen kalteak jasan bazituen ere egoera errepresiboak «militantzia izpiritua» piztu zuela «eta bestela egingo ez genituzkeenak egitera» bultzatu zituela esan du. Faktore ezberdinak batuta euskara batuaren aldeko aurrerapausoak eman baziren ere, euforia zoro batean erori eta edozer egiteko gauza ginela uste izan genuen, eta ez zen hala izan», ekarri du gogora.

Egungo egoerara etorrita, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko aldeaz jardun da. Ikastolen eta euskarazko telebistaren bidez «gure hegoaldeko euskara» Ipar Euskal Herrira iristen ari dela esan du, baina «iparraldekoak ere bere bidea egin du, eta ‘emendakin’ hitza, adibidez, jatorrian ‘eranskin’en baliokide litzatekeena, gaztelerazko ‘enmienda’ hitzaren parekide bihurtu da hegoaldean».

Itzulpena desegokia bada ere, Sarasolak hitzen erabilera hobetsi beharko litzatekeela uste du. «‘Sukaldatu’ hitzarekin gertatzen den bezala... ‘Janaria prestatu’ beharko luke, baina, kanibalek sukaldatu egiten dutela esan behar dugu? Ez dago modurik esaldi hori euskaraz emateko, eta hori problema erreal bat da. Hitzak esaldietan funtzionatzen badute, esan dezatela nahi dutena filologoek; filologiari gutxiago begiratu eta idazle onei gehiago erreparatu beharko genieke», argudiatu du.

Liburuan tradiziozko testuak euskara batuaren morfologiatik pasata ematen dituela ere zehaztu du Sarasolak, uste baitu «hori egin behar dela, euskalkien gainetik». «Hori da bide bakarra bizkaieraren arazoari aurre egiteko. Bizkaierak euskalki izateari utzi beharko dio, jatorkeria baztertu; bizkaierak bilatu behar du hizkera bat, euskara batuaren kolore bat», esan du. Laburbilduz, «hitzak ez dira bizi hiztegietan, esaldietan bizi dira», esan du. «Gaur egun euskaraz ondo egin nahi duenak erabilera ponderatua egin behar du», ondorioztatu du.