NAIZ
GASTEIZ

Lizentziarik gabe utzi nahi izatea egotzi dio Hala Bedik Lakuako Gobernuari

Duela bost urte martxan jarritako lehiaketan behin behinean lizentzia bat jaso zuen arren, Hala Bedi irratiak salatu du Lakuako Gobernuak lizentzia gabe utzi nahi duela.

Ohar baten bidez, Hala Bedi irratiak salatu du Lakuako Gobernuak lizentziarik gabe utzi nahi duela Arabako irrati librea.

Gogoratu dutenez, 2011. urtean jarri zen martxan irrati lizentziak esleitzeko lehiaketa eta Hala Bedik behin behinean eskatutako bi lizentzietatik bat lortu zuen –euskara hutsezkoa–, baina 2012ko abenduan, hauteskundeak iristear zirela eta «inolako azalpenik eman gabe» prozesua bertan behera utzi zuen Patxi Lopezen Gobernuak.

Prozesua bera «hainbatek salatu dutenez, irregulartasun teknikoz eta politiko josia» egon zela azpimarratu du Hala Bedik.

Hainbat irratik erabaki honen aurkako helegitea aurkeztu zuten eta azken hilabeteotan epaileek arrazoia eman diete, lehiaketa bertan behera utzi izana legez kontrakoa zela iritzita. Hala Bedik eta beste irrati batzuek ez zuten gaitasunik helegitea aurkezteko eta, orain, errekurtsorik jarri ez zuten irratiak lizentziarik gabe utzi nahi ditu Lakuak.

«Eusko Jaurlaritzak –azaldu dute– bere akatsa bide administratibotik zuzentzeko aukera badu ere, Hala Bedi eta errekurtsorik jarri ez zuten beste irrati guztiak lizentziarik gabe uztea erabaki du».

Ildo horretan, Hala Bedik lizentzia prozesuaren txosten osoa eskatu du, Lakuak «azaldu nahi izan ez dituen arrazoiak eta datuak bere kabuz» aztertzeko. Informazioa jaso eta aztertu ondoren, bertatik ateratakoaren berri emateko konpromisoa adierazi du irrati libreak eta, «beharrezkoa bada, helegitea jartzeko eta gaia Parlamentura eramateko prestutasuna» agertu du.

«Ezezko honen aurrean, Hala Bedik argi dauka lizentzia behar duela eta lortu arte ez duela etsiko. Lizentziarik ez izanda, besteak beste, lege babesa falta baitzaio eskubide osoz orain arte egin duena egin ahal izateko», adierazi du irratiak. Hala ere, «instituzioek ematen ez dioten legitimazioa entzuleek eta bazkideek ematen diotela» azpimarratu du Hala Bedik.