NAIZ
GASTEIZ

Hezkuntza Itun berri bat bultzatuko du Lakuak, Hezkuntza Legearen aurrekari gisa

Legealdi berrirako Hezkuntza sailak aurreikusten dituen jarduera lerro nagusiak azaldu ditu Cristina Uriarte sailburuak. Tartean, Hezkuntzaren aldeko Itun berri bat bultzatu beharra azpimarratu du, Hezkuntzaren Euskal Lege berri bat onartu aurretiko pauso gisa.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak legealdi berrirako bere Sailak dituen jarduera lerro nagusiak azaldu ditu. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak legealdi berrirako bere Sailak dituen jarduera lerro nagusiak azaldu ditu. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak legealdi berrirako bere Sailak dituen jarduera lerro nagusiak azaldu ditu Gasteizko Legebiltzarrean. Erronka nagusien artean, Hezkuntzaren aldeko Itun berri bat bultzatu beharra azpimarratu du sailburuak, Hezkuntzaren Euskal Lege berri bat onartu aurretiko pauso gisa: «Hori guztia, gure hezkuntza sistemaren aburuz arautua izan behar duena fideltasunez islatuko duen akordiora iristea helburu hartuta. Eta hori guztia, guztiok partekatzen dugun ideia baten inguruan eraikia: eskola ekitatiboa, inklusiboa, anitza, kalitatezkoa eta bikaintasunerantz doana», adierazi du.

Era berean, legealdi honetan urtero deituko dituela Enplegu Publikorako Eskaintzak aurreratu du sailburuak. Honen bidez, sistemaren egonkortasun, hainbat familiaren ongizate handiagoa eta Hezkuntzako lantaldeak gaztetzea du helburu.

Irakasleen prestakuntza «funtsezko elementu» izango dela adierazi du, baita «aukera berdintasuna eta eskolaratzea bermatzeko helburuz», Hezkuntza Sailak baldintzak betetzen dituzten familia guztiei bermatuko eta erraztuko zaie bekak eskuratzea. «Urtero 55 milioi euro inguru bideratuko dira beketarako. Kopuru hori handitu egingo da, eskaera kopurua betetzeko beharrezko gertatuko balitz», azaldu du.

Euskal Unibertsitate Sistema sustatzen jarraitzea ezarri du erronka nagusietako bat bezala. Legealdi honetan IV. Unibertsitate Plana (2019-2022 aldirakoa) osatuko da. Erronka hauei heltzeko, Goi Mailako Hezkuntzan BPGren %1,5eko gastura iristeko helburuari eutsiko dio Lakuak, finantziazio mixtoaren bidez (publiko-pribatua).

Bestalde, unibertsitate-ikasketa eredu propioren garapena ere gertatuko da, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateekin koordinazioan. Eredu horretan nazioartekotzea, enpresarekiko harremana eta formazioaren kalitatea ardatz nagusi dituzten titulazioak bultzatuko direla adierazi du Uriartek.