Asier AIESTARAN
BILBO

Irribarria eta Rezusta txapeldun, pronostikoak ederki beteta (22-14)

Finalaren lehen zatia parekatua izan den arren, gipuzkoarrak argi nagusitu dira bigarren erdian, Larunbek emandako errastasunak baliatuz. Rezusta izendatu dute finaleko pilotari onena.

Irribarriaren gertukoak honen gainean, 22ra iritsi eta berehala. (Marisol RAMIREZ | ARGAZKI PRESS)
Irribarriaren gertukoak honen gainean, 22ra iritsi eta berehala. (Marisol RAMIREZ | ARGAZKI PRESS)

Iker Irribarria eta Beñat Rezusta dira Binakako txapeldun berriak. Gipuzkoarrek 22-14 menderatu dituzte Oinatz Bengoetxea eta Mikel Larunbe, ikusgarria izateko huts gehiegi izan dituen finalean.

Urduritasun hori hasiera-hasieratik nabarmendu da, eta partidaren lehen zatian bietako inork ez du lortu markagailuan aldeak irekitzea. Mikel Larunbek, nahiz eta piloteoan horrenbeste sufritu ez, pilota dezente galdu ditu, baina gorriek ere ez dute gehiegi asmatu tantoa amaitzen eta Oinatz Bengoetxea gogotik saiatu da bikote urdina partidan sartuta mantentzen. Faboritoek aurreneko tartea 11-6an ireki dute, Irribarriak sakez lortutako tanto bati esker, baina neurketako tantorik gogorrenaren ostean 13-12 hurbildu dira Bengoetxea eta Larunbe.

Hortik aurrera, ordea, gorriak piloteoan argiago agintzen hasi dira, eta partidak kolore gorria hartu du nabarmen. Serio jokatuz, jokoa atzean kargatu dute eta Mikel Larunbek ezin izan dio erronkari eutsi. Atzelari bizkaitarrak, bere aurreneko final handian, 15 pilota galdu ditu, gehiegi. Bost tantoko partzial batekin 21-13 egin dute ihes Irribarriak eta Rezustak, eta bigarren aukeran finala itxi: 22-14.

Amaieran, Beñat Rezusta izendatu dute finaleko pilotari onena, eta historiara pasako dena Iker Irribarria da, Binakako Txapelketa inoiz irabazi duen pilotari gazteena bilakatu baita.