NAIZ

Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena berritu dute

Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak lankidetzarekin jarraituko dute aurten ere bai. Ana Ollo kontseilariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak Gobernuaren 149.000 euroko ekarpena jasotzen duen hitzarmena sinatu dute gaur.

Andres Urrutia euskaltzainburua eta Ana Ollo kontseilaria, hitzarmena sinatu ondoren. (NAFARROAKO GOBERNUA)
Andres Urrutia euskaltzainburua eta Ana Ollo kontseilaria, hitzarmena sinatu ondoren. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, eta Euskaltzaindiak kultura-proiektuak egiteko lankidetzarekin jarraituko dute 2017an. Horretarako, lankidetzaren oinarri orokorrak jasotzen dituen eta bi erakundeek hartuko dituzten konpromisoak arautzen dituen hitzarmena berritu dute gaur goizean Nafarroako Jauregian Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Hitzarmen horren arabera, Nafarroako Gobernuak 149.000ko ekarpena egingo du. Sinadura ekitaldian Andres Iñigok –Euskaltzaindiko ordezkari gisa– eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ere parte hartu dute.

Gaurko ekitaldian Iñaki Caminoren ‘Amikuze eskualdeko eskuara’ liburua ere aurkeztu dute, iaz sinatutako hitzarmenaren baitan egindakoa. Mendaur bildumaren barruan argitaratu da eta Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak bilduma hori abian jarri zutenetik hamaikagarren lana da. Egileak azaldu duenez Nafarroa Behereko eskualde horren euskararen azterketa filologiko sakona egiten du bere lanean.

Nafarroako Foru Aldundia Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zen 1918. urtean, euskara garatzeko helburuarekin. Harrezkero, bi erakundeen arteko harremanak ez du etenik izan.