Naiz
Baiona

Presoen aldeko igerialdi luzea Baionan amaitu du Paxkal Elgartek

Euskal presoei elkartasuna adierazteko osatu ditu Paxkal Elgartek euskal kostaldeko 180  kilometroak, Getxotik Baionara, egunero 12 orduz igeri eginez.

Paxkal Elgart, uretatik ateratzen Baionan. (Bob EDME)
Paxkal Elgart, uretatik ateratzen Baionan. (Bob EDME)

Uztailaren 8an Getxotik abiatu zen igerian Paxkal Elgart amikuztarra, eta ordutik geldialdiak egin izan ditu hainbat portutan. Geraleku guztietan harrera beroa egin diotela azaldu du gure protagonistak: abentura hasi zuenetik Bakio, Lekeitio, Zumaia, Donostia, Hondarribi, Biarritz eta Angelutik pasatu da. Itsasoan igerian arrainen gisara egindako txangoa atzo amaitu zuen Baionan eta, beste behin ere, txaloka jaso zuten hiriko Zubi Gorrian.

Bere helburua euskal presoei elkartasuna adieraztea zen, eta «euskal presoak Euskal Herrira» zioten oihuekin eman zioten ongietorria ibai bazterrean zeuden ikusleek. Lurra zapaldu bezain laster ikurrina eta presoen aldeko bandera astindu zituen. Astebeteko ibilbidean euskal kostalde osoa alderik alde egin du, egunero 25 kilometro osatuz, 12 orduz igeri eginez.

Bidean xelebrekeriaren bat edo beste gertatu zaio. Adibidez, Zumaiara iritsi behar zen egunean Getariaraino jarraitu zuen, eta gero bere helmugara itzuli behar izan zuen autoz, hurrengo egunean, aurreikusita zuen bezala, handik ateratzeko.