NAIZ
GASTEIZ

ELA eta LAB ez dira joango biharko deitu duten Gizarte-Elkarrizketarako Mahaira

Lakuako Gobernuak Gizarte-Elkarrizketarako Mahaia delakoaren bilera deitu du biharko. ELA eta LAB sindikatuek konfirmatu dute ez direla bilera honetara joango.

«Elkarrizketa sozialik ez dago. Gobernuek, baita Eusko Jaurlaritzak ere, politika neoliberalak aplikatzen dituzte, eta horretarako ez dira saiatzen mugimendu sindikalarekin adostasunik lortzen. Langile-klasearentzako bizi- eta lan-baldintza duinak ezartzeko lagungarri litzatekeen guztia gobernuek horrelako mahaietatik kanpo erabakitzen dute, gehienetan patronalarekiko bitariko elkarrizketan: lan eta pentsio erreformak, fiskalitatea, aurrekontuak, gizarte-prestazioak, osasungintza, hezkuntza, etab. Politika neoliberalen inposizioa medio edukirik gabeko mahai hutsalak besterik ezin dira eratu; hauen xedea da sindikalismoak laguntzea gobernuen erabakiak, horrela “parte hartze” itxura guztiz faltsua emateko», nabarmendu dute ELA eta LABek bilerara ez joateko argudiotzat, CCOO eta UGT paper hori betetzea egotzi ziotelarik.

«Biharko deitu den mahaia jatorrian ere gabezia demokratiko larri batekin sortu zen: bera osatzen dutenak gutxiengo sindikala eta patronal guztiz autoritarioa dira, azken honek ELA eta LAB lan mundutik kanporatu nahi dituela gainera. Ez dago langilerik mahai honek aurrerapausorik egin duela esango duenik. Gobernuek politika antisozialak aplikatu dituzte, eta patronalak lan erreformei ahal zuen zuku guztia atera die», gaineratu dute ELA eta LABek.

«Ez litzateke koherentea bilera horretara joatea, aurkeztu den gai-ordenaren arabera estrategia kontinuista sakontzeko izango baita, zeina guk errefusatzen dugun. Lehen puntua izango da 2016ko uztailaren 22ko bileran Gizarte-Elkarrizketako Mahaian negoziazio kolektiboari buruz iritsitako akordioen jarraipena. Hain zuzen, akordio horren aurka mobilizatu ginen», azpimarratu dute.

Lakuako Gobernuak ez duela industria bultzatzeko estrategiarik salatu dute ere. «Eusko Jaurlaritzak ez dauka halako estrategiarik, eta estalki bat besterik ez da estaltzeko Industria sailak duen eraginkortasun eta ekinbide eza, baita Confebasken politikei ematen dien erabateko babesa ere. Honen ondorioak industriako langileek ondo asko ezagutzen dituzte, bereziki Grupo CEL, CNA Fagor, Unipapel, Ingemar, Aernnova, Ofita, General Electric, STS, Bosch, Pine, Vicrila, Energy... enpresetakoek: Lan baldintzen prekarizazioa eta enplegu suntsipena», esan dute.

«ELAk eta LABek gure konpromisoari eutsi egingo diogu: erakundeek aplikatzen dituzten politikak goitik behera aldarazteko lan egingo dugu. Bide hau ezin da bateratu Mahaietan parte hartzarekin, mahai horietan sindikatuen presentziak ondorio bakarra baitauka, pairatzen ari garen eskubide laboral eta sozialen aurkako erasoak babestea. Halaber, borrokan jarraituko dugu Lan Harreman eta Gizarte-Babeseko Euskal Esparrua finkatzeko estrategiaren alde; esparru hori blindatu egingo dugu Negoziazio Kolektiboa estataliza ez dezaten, ez da prekarizazioa dakarren ezer sartuko, soldaten erosteko ahalmena berreskuratzeko baliagarri izango da eta lan erreformatik blindatuko gaitu», erantsi dute.