NAIZ
BARCELONA

Akordioa errefusatu eta lanuzteekin jarraituko dute El Prateko segurtasun langileek

Bartzelonako El Prat aireportuko segurtasun kontuez arduratzen den Eulen enpresako langileek baztertu egin dute asanblean Kataluniako Generalitateak aurkeztutako akordio proposamena. 150 langilek errefusatu dute proposamena, eta 36k onartu. Ondorioz, lanuzteekin jarraituko dute.

Bartzelonako El Prat aireportua, artxiboko irudi batean. (Josep LAGO/AFP)
Bartzelonako El Prat aireportua, artxiboko irudi batean. (Josep LAGO/AFP)

Lanuzteekin jarraituko dute Bartzelonako El Prat aireportuko segurtasun langileek. Hala erabaki dute gaur goizeko 11.00etan hasi eta 18.00ak aldera amaitu duten batzarrean. Llobregateko Casal Cívic Deltan bildu dira langileak eta bozketaren emaitzak ez du zalantzarako betarik ematen: 150 ezezko akordioari eta 36 baiezko.

Hamabi ordainketetan egindako soldatan 200 euroko igoera izatea baztertu dute langileek. Greba batzordeko komiteko kide den Genoveva Sierrak azaldu duenez, enpresako langileek dituzten soldatetan parekidetasuna nahi dute, baita hauetan 250 euroko igoera ere, 15 ordainketa jasota. Une hauetan, 880 eta 990 euro garbi jasotzen dituzte langileek.

Batzarraren ostean adierazpenak egin ditu langileen abokatuak. Leopoldo Quinterok Estatu espainiarreko Sustapen ministro den Iñigo de la Sernaren jarrera «arrogantea» kritikatu du, baita Gobernu espainiarrak Katalunian duen ordezkaritzak ezarritako %90eko zerbitzu minimoak ere, hauek «gehiegizkoak» direla esanez.

Ondorioz, greba mugagabeari ekingo diote astelehen honetatik aurrera. Egoerari aurre egiteko, Guardia Zibilaren presentzia indartuko du Gobernu espainiarrak El Prateko aireportuan. Erabaki honen inguruan, segurtasunarena «aitzakia» dela uste du Quinterok, ezin dituztelako bere horretan langileak ordezkatu.

Hertsapen salaketak langileen partetik

Greba komiteak hertsapen saiakerak salatu ditu langileek lanuzteak utzi eta ohiko jardunera itzul zitezen lortzeko. Halaber, gisa honetako jarrerek langileen erabakietan inolako eraginik ez dutela izango ohartarazi du.

Purificacion Infante komiteko kideak adierazi duenez, lanuzteak bertan behera uzteko presio handiak daude, «kezkatuta» daudelako. Hala, mezua bidali die Generalitateko arduradunei, Ministerioari eta politikariei oro har, euren egoera ez dela berria adieraziz.

«Aspalditik datorren arazoa da gurea eta lehenago izan behar zuen konpondua. Azken hitza langileona izango da», azpimarratu du.