NAIZ
DONOSTIA

Erraustegiaren aurkako giza katea egingo dute irailaren 10ean Kontxako hondartzan

Estropadetako bigarren igandean, irailaren 10ean, goizeko 11.30ean, Kontxako hondartzan giza katea egingo dute Donostia Bizirik elkarteak, Errausketaren Aurkako Koordinadorak eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak.

Irailaren 10ean erraustegiaren aurka egingo duten giza katearen aurkezpena, Kontxan. (@ErrausAurkMugi)
Irailaren 10ean erraustegiaren aurka egingo duten giza katearen aurkezpena, Kontxan. (@ErrausAurkMugi)

Beste behin erraustegiaren aurkako giza katea egingo dute Kontxako estropadekin bat eginez, baina ezberdintasun nagusi batek markatuko du aurtengo zita: Zubietako erraustegia eraikitzeko lanak hasi egin direla.

Irailaren 10ean, goizeko 11.00etan, Kontxako hondartzan jarri dute hitzordua Donostia Bizirik Elkarteak, Errausketaren Aurkako Koordinadorak eta Errausketaren aurkako Mugimenduak. Hainbat atxikimendu ditu dagoeneko deialdiak: EH Bildu, Equo, Ezker Anitza, Podemos, Ganemos Andoain, LAB, ESK, CCOO, Duintasuna, Eguzki, Ekologistak Martxan eta Greenpeace.

Lanak hasita egon arren «borrokak» jarraitzen duela azpimarratu dute.

«Klase politiko errausketazalearen eta modu batera edo bestera inplikatuta dauden enpresen interesak salatzen jarraituko dugu eta modu guztietako oztopoak jartzen saiatuko gara», nabarmendu dute giza katearen deitzaileek mobilizazioa aurkezteko Kontxako hondartzaren sarreran bertan egin duten agerraldian.

Gogoratu dutenez, Zubietako erraustegia «gezur handietan» oinarrituta dago eta, horien artean aipatu dute «erraustegiaren beraren beharra da». «2007tik 2015era bitartean, gipuzkoarren zabortegietara bidaltzen duten zaborra %45a gutxitu da», zehaztu dute.

Osasunarengan zein ingurumenarengan ondorioak izango dituela ohartarazi eta gero, gogor salatu dute erraustegiak «1.000 milioi euro baino gehiagoko» kostua izango duela, «gipuzkoar bakoitzeko 1.500 euro baino gehiago, betiere alternatiba merkeagoa, ekologikoa eta osasungarriagoa mahai gainean daukagunean».