NAIZ
AOSTA

Javi Dominguez gasteiztarrarentzat Tor des Geants (333 km), errekor berriarekin

24.000 metroko desnibela eta 333 kilometroko luzeerako lasterketa irabazi du goizaldean Javi Dominguez gasteiztarrak eta errekor berria ezarri du 67 ordu eta 52 minuturekin. Iker Karrera gipuzkoarrak zuen aurrez errekorra. 

6.12an sartu da Javi Dominguez gasteiztarra Courmayeur (Aosta, Italia) herriko helmugan 333 km eta 24.000 metroko desnibela gainditu ostean. Tor des Geants izeneko lasterketa izugarrian errekor berria jarri du, gainera, gasteiztarrak. 67 ordu eta 52 minutu behar izan ditu ibilbide zail eta gogorra bukatzeko. Lasterketa honetako aurreko errekorra ere euskaldun batena zen, Iker Karrera gipuzkoarrarena. 

Bigarren sailkatua gaurko lasterketa Oliviero Bosatelli italiarra izan da, ordu eta erdi pasatxo beranduago iritsi da. Eguerdi alderako espero da, gainera, hurrengo euskaldunaren iritsiera. Imanol Aleson da, Dominguezekiko zazpi bat ordu atzetik zen. Silvia Trigueros bizkaitarra ere parte hartzen ari da eta Alesonekiko 2 ordu eta 20 minutura doa azken neurketaren arabera.

Europako lasterketa gogorrenetakoa da Tor des Geants delakoa, igandean hasi zen lasterketa 867 korrikalarirekin eta euskalduna izan da buruan hasieratik. 250 kilometroz aurretik joan ostean 42 minutuko atsedenaldi bat egin du Dominguezek eta tarte horretan aurre hartu dio 2014ean irabazle izan zen Franco Collek. Hiru bat orduko tartea lortu du modu horretan Collek baina helmugatik 25 bat kilometrora Dominguezek aurreratu egin du eta Colle erretiratu egin da. 

Goizeko seiak pasatso zirenean iragarri dute bozgorailuetatik bere iritsiera: «txapeldun berria, Javi Dominguez euskalduna!».