Ramon Sola
DONOSTIA

Otegi: «Bilbo bete dezagun, Katalunia defendatzea Euskal Herria defendatzea da»

Katalunian gertatzen ari denaren garrantzia erabatekoa dela adierazi du gaur Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea nagusiak: «Testuliburuetan agertuko da». Horregatik, bihar Bilboko manifestaziora joateko gonbita egin die «demokrata guztiei», batetik Kataluniari babesa adierazteko eta bestetik Euskal Herriak bide bera jorratu nahi duela aldarrikatzeko.

Arnaldo Otegik bihar Bilbora joateko deia egin du EH Bildu eta EH Bairen izenean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Arnaldo Otegik bihar Bilbora joateko deia egin du EH Bildu eta EH Bairen izenean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

EH Bildu eta EH Bai bihar Bilbon Gure Esku Dagok deitu duen manifestazioan egongo dira, eta horien izenean mintzo da gaur Donostian Arnaldo Otegi. Mobilizazio erraldoia osatzeko gonbita egin du, Katalunian gertatzen ari dena «inolako zalantzarik gabe egunen batean historia testuliburuetan agertuko dela» aurreikusten baitu. Horietan, gainera, Estatu espainolaren «izaera antidemokratikoa» nabarmenduko dela uste du.

Erreferenduma oztopatzeko Madrildik garatzen ari den ekimen andana errepasatu ondoren, historikoki anaituta egon diren Katalunia eta Euskal Herriaren arteko elkartasuna emateko beharra nabarmendu du Otegik. Hau litzateke mobilizazioaren helburu bat, izan ere «gaur egun Katalunia defendatzea Euskal Herria defendatzea da, gure eskubide nazionalak defendatzea da». Eta horrekin batera, Bilbokoak «guk ere autodeterminazio ariketa bera» egin nahi dugula adierazteko balio behar duela dio EH Bilduko buruak.

Otegiren hitzetan, Kataluniakoa «Europa mendebaldeko ariketa demokratiko masiboena» da gaur egun. Erreferenduma egiteko «gogoa bizia» duela aitortu du.

Iñigo Urkulluk Urriaren 1ekoaren inguruko ustezko berme faltaz esandakoaz galdetuta, hika-mika saihestu du Arnaldo Otegik: «Bere posizioa islatu baino ez du egiten». Eta erantsi du adierazgarriagoak eta interesgarriagoak egin zaizkiola Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidentearen eta Estatu Batuetako Estatu Idazkaritzaren ordezkariaren adierazpenak, bietan argi gelditzen baita nazioartean Katalunia burujabe izatearen aukera buruan dutela eta horretarako prestatzen ari direla.

Mobilizazioa 17.30etan abiatuko da bihar, Bilboko Kasillatik.