NAIZ
PARIS

Iratxe Sorzabalen tortura salaketa aztertuko du Parisek, Istanbulgo Protokoloa aplikatuta

Agintari espainolek Iratxe Sorzabalen aurka aurkeztutako euroaginduei buruzko auzia abenduaren 6ra atzeratu du Parisko auzitegiak. Irundarrak jarri zuen tortura salaketa aintzat hartu eta Istanbulgo Protokoloa martxan jartzea onartu du, defentsak hala eskatuta.

Iratxe Sorzabalek salatu zuenez, gerrian eta bizkarrean zituen zauriak elektrodoek eragin zizkioten. (NAIZ)
Iratxe Sorzabalek salatu zuenez, gerrian eta bizkarrean zituen zauriak elektrodoek eragin zizkioten. (NAIZ)

Iratxe Sorzabalen aurka Estatu espainolak aurkeztu zituen hiru euroagindu eskaerak aztertzeko auzia deituta zegoen gaur Parisen. Irundarra 2015eko irailean atxilotu zuen Polizia frantsesak Baigorrin, eta espetxeratu ondoren egin zituen eskaerak Madrilek.

1995-96 urteetan Asturias, Alikante eta Irunen izan ziren hiru atentatugatik dira euroagindu eskaerak, eta Guardia Zibilak Hernanin 2001ean atxilotu zuenean Sorzabalek inkomunikaziopean bere burua autoinkulpatuz egin zituen adierazpenak dituzte oinarri.  

Atxiloketa hartan tortura latzak jasan zituela salatu zuen Sorzabalek epailearen aurrean. Madrilgo erietxe batera eraman zuten eta han argazki batzuk egin zizkioten, forentseak hala aginduta. Gerrian zein bizkarrean zauri larriak ikus zitezkeen, erredura modukoak, berak salatu zuenez elektrodoek eragindakoak.

Sorzabalen abokatuak uda aurretik eskatu zion epaileari tortura ikertzeko nazioartean erabiltzen den Istanbulgo Protokoloa aplikatzeko, baina gaur Parisen egin den auzian froga perizial hori Auzitegi Nazional espainolak aurkeztutako txostenean jasotzen ez zela ikusita, auzia atzeratzeko eskatu du Xantiana Cachenaut abokatuak eta epaileak aintzat hartu du eskaera. Gainera, Estanbuleko Protokoloa martxan jartzea onartu du. Hala, aditu bat izendatu beharko du eta hark Sorzabal bisitatu eta txosten bat egin beharko du Istanbulgo Protokoloak jasotzen dituen irizpideen arabera, abokatuak esan duenez.

Euroaginduak aztertzeko data berria heldu den abenduaren 6rako finkatu dute.