NAIZ
Atarrabia

Hatortxu Rock, «etenik gabe» lanean, abenduaren 16an 21. edizioa egiteko prest

Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak badauka 21. edizioa egiteko data: abenduak 16. Eta azken urteetan ohikoa bihurtu duten etxera itzuliko dira, Atarrabiara. Udan lau eguneko jaialdi erraldoia antolatu ostean, egun bateko formulara itzuliko dira. Taldeen inguruko informazioa, «laster».

«Ez dira hiru hilabete igaro Hatortxu Rock 20 bizi izan genuenetik. Nekatuta gaudela pentsa liteke. Inondik inora. Indartsu, oso indartsu, atera ginen Euskal Herriak sekula bizi izan duen elkartasun jaialdi handienetik. Eta hemen gaude berriro ere. Oraindik 314 euskal preso politiko daude espainiar zein frantziar estatuetako espetxeetan. Eta hemen egonen gara denak etxean izan arte. Zuek gabe, etenik ez. Hatortxu Rock 21, Atarrabian, abenduaren 16an».

Hala iragarri du Hatortxu Rockek, bideo baten bidez, nahiz eta aurtengo uztailean lau eguneko jaialdi erraldoi bat antolatu, lanean jarraituko dutela euskal preso politiko guztiak etxean izan arte. Eta horretarako egun bakarreko formatura itzuliko dira, ohiko duten urteroko zitara.

Gogoangarria izan zen uztailaren 27tik 30era Lakuntzan bizitakoa eta NAIZek jarraipen berezia egin zuen lau egunetan zehar. Bertan bildu ziren milaka pertsona, urrunketaren kontra eta euskal preso politikoen eskubideen aldeko orro ozen bat helarazteko espetxeetara bidean. 

Oraindik taldeen berriz ez badago ere, informazio hori ere laster egingo dutela publiko adierazi dute sare sozialen bitartez.