NAIZ
DONOSTIA

Batzar orokorra egingo du Udalbiltzak hilaren 18an Hernanin gogoeta fasea amaitzeko

Udalbiltzak Batzar Nagusia ospatuko du azaroaren 18an Hernanin, Orona-Ideoa Fundazioaren gunean. Batzar Nagusia Udalbiltzak azken urtean garatu duen ‘Udalbiltzan Bagabiltza’ gogoeta prozesuaren baitan oinarrituko da, bertan jasotako ondorioak publiko eginez eta etorkizunerako bideorria zehaztuz.

Luis Intxauspe eta Alaitz Aizpurua, Udalbiltzako lehendakari eta lehendakariordea, gaur Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Luis Intxauspe eta Alaitz Aizpurua, Udalbiltzako lehendakari eta lehendakariordea, gaur Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Prozesua bera egun horretan bukatuko da, dagozkion bozketekin. Horrez gain, gobernu berria, Batzorde Eragilea izenekoa, bozkatu eta aurkeztuko da.

Aipatutako ‘Udalbiltzan Bagabiltza’ prozesua urtebetez luzatu da. Bertan, Euskal Herriko hautetsiekin, herritarrekin eta eragilez ezberdinekin dinamika ezberdinak jarri dira martxan, eta bertan ia 600 lagunek hartu dute parte. 600 horietatik, 471 hautetsiak izan dira (151 emakume eta 237 gizon). Hautetsi horiek 201 herri eta 23 eskualdetakoak dira, eta guztira eskualdeka banatutako 50 saio egin dira. Horrez gain, 22 eragile nazionalen ekarpenak jaso dira.

Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakariak Partzuergoak daukan garrantzia nabarmendu nahi izan du: «Euskal Herriko erakunde publiko nazional bakarra da, eta Euskal Herria nazio gisa hartzen duen erakunde publiko bakarra izanik, eraikuntza nazionalean erreferentea izan behar da. Euskal Herriaren egungo egoerak ezartzen dituen mugekin, zazpi lurraldeetako jendarteak aukeratutako hautetsiek osatzen dute Udalbiltza eta horrek zilegitasun handia ematen digu».

Alaitz Aizpurua Udalbiltzako lehendakariordearen arabera, «inoiz baino gehiago Udalbiltzaren beharra ezinbestekoa da, erakunde publiko eta nazionala behar delako Euskal Herria ia arlo guztietan kohesioan sakontzeko, eta garbi dagoelako Udalbiltzak egiten ez duena ez duela beste inork beteko. Horregatik egoera politiko berrira egokitzeko beharra du Udalbiltzak eta gogoeta honetan Udalbiltzak etorkizunean, hurrengo hamar urteetan (2018-2027), zein norabidetan jardungo duen eztabaidatu da».

Intxauspek Partzuergoak daukan papera nabarmendu nahi izan du: «Euskal Herriko erakunde publiko nazional bakarra da. Euskal Herria nazio gisa hartzen duen erakunde publiko bakarra izanik eraikuntza nazionalean erreferentea izan behar da. Euskal Herriaren egungo egoerak ezartzen dituen mugekin, zazpi lurraldeetako jendarteak aukeratutako hautetsiek osatzen dute Udalbiltza eta horrek zilegitasun handia ematen digu».