@gara_miantzi
Donostia

Gure bizitzetan gero eta presenteago dagoen geoteknologia aztertuko dute Tabakaleran

Beharbada irakurleari ez zaio ezaguna eginen GIS akronimoa (Geografia Informazio Sistemak), baina seguru maiz erabiltzen dituela haren aplikazioak. Mapak dira emaitzarik ezagunena eta, azken urteetan, GPS datuak. UEUk eta Gislanek antolatutako jardunaldiak ‘Geomatika eta inteligentzia espaziala 2017’ izena du eta ostiralean izanen da Tabakalerako Hirikilabsen. Bertan, teknologia honen oraina eta geroa aztertuko dute, kasu errealetatik abiatuz eta euskaraz.

Geomatikari buruzko jardunaldiaren antolatzaileak, gaurko aurkezpenean.
Geomatikari buruzko jardunaldiaren antolatzaileak, gaurko aurkezpenean.

UEUren eta Gislanen ‘Geomatika eta inteligentzia espaziala 2017’ jardunaldia ostiral honetan eginen da, goiz eta arratsaldez, Donostiako Tabakalerako Hirikilabs hiri laborategian, Udalaren babesarekin. Mikel Ayestaran Gislaneko lehendakariak topaketaren xehetasunak eman ditu gaur aurkezpenean eta azaldu du datu nahaspila informazio baliagarri bihurtu eta herritarren zerbitzura jartzeko teknologia ezagutzeko aukera emanen duela.

GISak mapa eta datu baseen bidez aldagaiak adierazi eta aztertzeko sistemak dira. Fenomeno ezberdinak lurraldearen gainean ikertzeko tresnak. Duela gutti arte arlo espezializatuek erabili izan dituzte lizentzia kontuak medio, baina azken urteetan, software librearen garapenari esker, GISak demokratizatu egin dira. Osasun azterketetan, biologia eta geologiarekin lotutakoetan, arkitektura eta hirigintzan, eta udaletako zerbitzu sozialetan erabiltzen dira, bertzeak bertze.

Arratsaldeko saioan, kasu praktikoei helduko diete. Hernaniko Udalaren GIS proiektua; Biarritzeko terrazen bidezko espazio publikoaren okupazioa; Hirikilabsen Donostiako etxebizitza turistikoek bizilekuen egoeran izan duten eraginaren inguruko lan mamitsua; Gaindegiaren euskal hiriburuen iraunkortasunerako adierazle sistema; EHUko German Velayos biologoak egindako saguzarrentzako habitat potentzialen predikziorako GIS modeloa; eta Udalmap-en datuen irudikatzeak ezagutzen ahalko dira.

Aitzinetik, goiz-eguerdian, hitzaldi, tailer eta mahai-inguruak izanen dira gure bizitzetan leku gero eta handiagoa duen teknologia honen oraina eta geroa ulertzeko.

Izena emateko epea zabalik dago www.ueu.eus webgunean.