NAIZ

EAEko hezkuntzan hiru greba egun deitu dituzte eta apiriletik aurrera, astebeteko lanuzteak sektoreka

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan beste hiru greba egun deitu dituzte martxoan eta ekainean, eta apiriletik aurrera astebeteko lanuzteak sektoreka egingo dituztela iragarri dute LAB, ELA eta Steilas sindiaktuek, «Lakuak hezkuntza publikoaren beharrei erantzuten ez diela» hausnartuta.

ELA, LAB eta Steilas sindiaktuek agerraldia egin dute Bilbon. (ARGAZKI PRESS)
ELA, LAB eta Steilas sindiaktuek agerraldia egin dute Bilbon. (ARGAZKI PRESS)

«EAJk, PPek eta PSEek murrizketa politika gogorrak inposatu dituzte zerbitzu publikoetan azken hamarkadan, baita hezkuntza publikoan ere. Negoziazio kolektiborako eskubidea ere nabarmen urratu da. Ondorio zuzenenak plantillak murriztea, lan-kargak handitzea, hezkuntzako langileon prekarizazioa, ikastetxeetarako baliabide eskasia, azpiegituren kaskartzea eta zerbitzuen publikoen okertze eta pribatizazioa izan dira». Hala adierazi dute ohar batean LAB, ELA eta Steilas sindikatuek.

Honen aurrean, Lakuari eskatu diote «azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketa eta hezkuntza politika errotik aldatzea», honek guztiak hezkuntza publikoan eta haurreskoletan «sortu duen egoerari buelta ematea» eta hezkuntza publikoari «ezinbestekoa duen inbertsioa eta baliabideak eskaintzea».

Irailean eta abenduan egin ziren negoziazio mahaietan Gobernuak bere jarrera «inmobilista» aldatu duela iritzi diote, baina sindikatuen aldarrikapenetako «batzuei besterik ez die erantzun eta oso modu partzialean». Datozen asteetan Hezkuntza Sailak deitzekoak dituen negoziazio mahaietan langileen aldarrikapenei «erantzuten ez dien heinean», hainbat greba deialdi egingo dituzte ELA, LAB eta Steilasek.

Hala, martxoaren 14 eta 15ean unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko sektorek guztiak daude deituta grebara eta apiriletik aurrera sektore bakoitzak astebeteko greba eginen du. Apirilaren 23tik 27rako astean, irakasleak daude deituta grebara; maiatzaren 7tik 11ra, Hezkuntza Bereziko langileak; maiatzaren 21etik 25era, sukalde eta garbiketako langileak eta ekainaren 4tik 8ra, haurreskoletakoak. Ekainaren 12an, berriz ere, greba sektore guztietan deitu dute. Era berean, ostiralero elkarretaratzeak eginen dituzte ikastetxeetan, martxoan hasita.

Honen bitartez, Lakuari hezkuntza publikoan egiten duen inbertsioa nabarmen handitzea exijitu diote. Era berean, azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak kolektibo ezberdinetan «gutxienez» 2.000 langiletan handitzea eskatu dute, baita behin-behinekotasuna eta ikasle-ratioak murriztea ere.

Honela, ikasturte hasieran egindako negoziazioetan Gobernuak aurkeztutako «jarrera inmobilista» aldatzea eskatu dute.