NAIZ
Larrabetzu

Larrabetzuk martxoaren 18an hartuko du 2018ko Independentzia Eguna

Independentistak Sareak eta Larrabetzuko herritar independentisten batzordeak bultzatuta, herri bizkaitarrean antolatuko dute 2018ko Independentzia Eguna. Egun osoko egitarau baten bitartez, burujabetzan indarra jartzea dute jomuga.

Iaz Leitzan antolatu zuten Independentzia Eguna. (Independentistak Sareak)
Iaz Leitzan antolatu zuten Independentzia Eguna. (Independentistak Sareak)

«Hausnarketa politikoa, aldarrikapena eta jai giroa uztartuz», burujabetza izango da martxoaren 18an Larrabetzun antolatuko duten Independentzia Eguneko gai nagusia. Independentistak Sareak eta Larrabetzuko herritar independentisten batzordeak antolatuko dute egun osoko egitaraua izango duen jaia.

«Garbi dago espainiar eta frantziar estatuen egituren barruan ez dugula inolako burujabetza aukerarik eta menpekotasunak gure etorkizun politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala hipotekatzen dituela». Horren aurrean, «alternatiba bakarra» estatu propio bat eraikitzea dela iritzi dio Independentistak Sareak.

Horretarako elkarbanatutako «hausnarketa sakona» beharrezkoa dela defendatu dute eta bide horretan antolatuko dute Independentzia Eguna. «Demokrazian eta justizia sozialean oinarritutako gizartea eraiki nahi dugu, herritar guztiak herri libre batean zoriontsu izateko aukera izan dezagun».

Martxoaren 18an Euskal Herri osotik iritsitako eragile ugari bilduko dira Larrabetzun, jardun desberdinak plazaratuz. «Lorgarria den ezinbesteko helburu batetaz ari gara».

Hala ere, ez da hau izanen antolatuko duten ekimen bakarra. Bi hilabete hauetan, hainbat ekitaldi eginen dituzte Iruñean, Gasteiz eta Azpeitian elikadura, migrazio eta harrera politikaren inguruan eta energia eta bestelako eredu batzuk landuz.