NAIZ

Hamabi urte eta erdiko espetxe zigorra Villabonan emakume baten heriotza eragin zuen kamioilariari

2015eko abuztuan Villabonan emakume baten heriotza eragin zuen kamioi gidariari hamabi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote. N-I errepidean bederatzi kilometro eta erdi kontrako norabidean egin ondoren emakumeak gidatzen zuen autoaren aurka talka egin zuen kamioilariak.

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak hamabi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio 2015eko abuztuan Villabona parean kontrako norabidean gidatzen ari zela auto baten kontra aurrez aurre talka egin eta emakume baten heriotza eragin zuen kamioilariari. Bide segurtasunaren aurkako delitua eta horrekin batera homizidio delitua leporatu dizkio.

Akusazio partikularrak –biktimaren familiak– hamabost urteko kartzela zigorra eskatu zuen, eta defentsak, berriz, lau urtekoa.

Azaroan egin zen epaiketa eta akusatuak esan zuen istripua alkohola eta botikak nahasteagatik eragin zuela, bere asmoa zela hurrengo goizera arte berriro ez gidatzea eta ez zuela «ezertxo ere» gogoratzen gertatu zenari buruz.

Istripua 2015eko abuztuaren 3an jazo zen, gaueko 22.50ean, N-I errepidean. Kontrako norabidean zihoan kamioiak kotxe baten aurka talka egin zuen eta autoan zihoan emakumea berehala hil zen, kolpearen ondorioz.

Kamioi gidariak bederatzi kilometro eta erdi egin zituen kontrako norabidean gidatzen Villabona parean istripua eragin aurretik. Garraiolaria ibilgailu barruan harrapatuta gelditu zen eta suhiltzaileek atera behar izan zuten. Donostia Ospitalera eraman zuten anbulantzian, eta bertan egin zitzaion alkoholemia frogan positibo eman zuen. Tolosako epaitegiak espetxeratzeko agindu zuen.