Nagore Belastegi
DONOSTIA

Richard Oribe igerilari paralinpiarrak jaso du Urrezko Danborra

Bere domin guztiak Donostiak ematen duen ohore honengatik trukatuko litzuzkela esan ohi du maiz Oribek. Ez du halakorik egin beharrik izan, hiriak berez saritu nahi izan duelako. Lehen aldiz herritarrek erabaki ahal izan dute nork jasoko zuen.

Richard Oribe, irribarretsu, Urrezko Danbor preziatua eskutan duela. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Richard Oribe, irribarretsu, Urrezko Danbor preziatua eskutan duela. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Udaletxeko kanpokaldean 5.000 haur danborra jotzen ari ziren, danbor hotsak barruan entzuten ziren oraindik, Easo Ederra eta bere damak korrika batean jeitsi dituzte eskilarak eskoletako beste ume guztiekin batera elkartzeko eta haur danborradaren desfileari hasiera emateko. 12.00ak ziren.

Orduantxe Eneko Goia alkateak harrera egin dio aurten Urrezko Danborra lortu duen Richard Oribe igerilariari. Zeremonia hau protokoloz jositakoa da, baina aurtengo sariaren berezia zela eta, jendeak bihotzarekin jokatu du zurruntasuna hautsiz. 12.30ak ziren txistulari bandaz lagundurik omendua jendez betetako aretoan sartu denean. Herritarrak zutik, txalo zaparrada bat eskainiz. Oribe irribartsu, beti bezala.

Asier Etxeberria aurkezle zela, sariaren zergatia azaldu du, alegia, Donostiaren izen ona munduan zehar zabaltzea. «Munduko igerilekuetan besoa luzatu duen guztietan esan du donostiarra dela», bota du, ondoren esateko Urrezko Danborraren dizdirak ez duela kirolaria itsutuko, askotan eraman baitu urrea lepotik zintzilik. Izan ere, Goiak aurrerago azaldu bezala, 504 domina lortu ditu bere kirol ibilbidean, are gehiago, sei olinpiar jokotan izan da, beste sei munduko txapelketetan eta 48 munduko errekor hautsi ditu.

Bideo hunkigarri bat jarri zuten ondoren. Begi busti eta zapi ugari ikusi dira aretoan. 1996an Gipuzkoako kirolaririk onenaren saria eskuratu zuen, 2007an Hiritar Merezimenduaren Domina eta 2009an Kirol Merezimenduarena. Baina bere ametsa hiritarren aitorpena zen eta lortu du. Tito Irazusta kirol kazetariak gertutik jarraitu izan du bere ibilbidea, eta berak esan bezala honako saria «kaletik trizikloan zoazenean agurtzen duzun jendeak eman dizu».

Oribe ezgaitasunarekin jaio zen eta gurasoei kirola egin zezan gomendatu zioten. Pisu jaurtiketan, trizikloan eta futbol atezain lanetan ibili ostean, igeriketan hasi zen. Orduan ikusi zuten txapeldun bat zela eta Javier de Aymerichekin hasi zen entrenatzen. Egun lehiaketa utzia dauka, baina bere klubeko kideei laguntzen jarraitzen du. Aymerich berak lagundu dio eskenatokira, Urrezko Danborra jaso zezan, Iryarena kanta jotzen zuten bitartean.

Protokoloaren arabera abestia bukatzean amaitzen da ekitaldia, baina publikoak ez du aukera hori eskaini segituan altxatu eta txaloka eta garrasika hasi baita. Bandak eta danborradak abestia eten behar izan dute. Segituan omenduaren txanda izan da, hitz gutxirekin baina oso esanguratsu hiriari eskerrak eman dizkio eta «oso urduri» zegoela aitortu du.