NAIZ
GASTEIZ

Bi puntu utzi ditu irabazi gabe Alavesek etxean (2-2)

Bi eta huts jarri dira irabazten gasteiztarrak, eta dena eginda zegoela zirudien. Epaileak, baina, Leganesen aldeko penaltia agindu du, partida aldrebestuz. Azkenean, Joseba Zalduak egin du bisitarien bigarren gola, 90. minutuan. [Neurketaren xehetasunak]

Bigarren zatian iritsi dira neurketako gol guztiak. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Bigarren zatian iritsi dira neurketako gol guztiak. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Puntu bat lortu izana baino bi galdu izanaren sentsazioa izango dute Alaveseko jokalari eta zaleek igande eguerdi honetan Mendizorrotzan jazo denari erreparatzean. Eskura izan dute garaipena babazorroek, baina berdinketarekin (2-2) amaitu da Leganesen aurka jokatutako partida.

Bisitariena izan da partidako lehen minutuen kontrola, baina sendo eutsi dio Alavesek aurkariaren hasierako ekinari eta segituan hasi da lehen aukerak sortzen. Batez ere, Munir eta Guidettiren kontua izan da arriskua sortzearena; erasoko jokaldi guztietan izan dute parte hartzea aipatu bi jokalariek.

Neurketa atsedenaldira gerturatzen ari zela, bi aukera on izan dituzte bisitariek, baina ondo erantzun du Pachecok eskatu zaionean. Hala, bigarren zatirako utzi dute guztia bi taldeek.

Ezin hobeto hasi dira azken 45 minutuak Alavesentzat. Guidettik egin du jokaldia, eta Munirrek gola. 47. minutua zen, eta urrats garrantzitsua eman dute etxekoek markagailuan aurrea hartuz. Horrek bultzada berezia eman dio taldeari, eta bost minutura egin dute bigarren gola; Guidettik egin du jaurtiketa, eta Pedrazak gola aldaratzeaz baliatuta.

Egina eman zuen garaipenak Mendizorrotzan, harik eta epaileak neurketa aldrebestu duen arte. Amaierarako hamabost minutu geratzen ziren, eta baloiak Guidettiri eskuan jo diola eta agindu du penaltia epaileak; Gabriel Jesusek egin du bere taldearen lehen gola. Okerrena falta zen.

87an txartel gorria ikusi du Elyk, bere bigarren horia zuela eta; bat gutxiagorekin geratu da, beraz, Alaves. Horretan, eta falta jaurtiketa baten osteko nahastean, bigarrena egin dute bisitariek; Realak Leganesi utzia dion Zaldua izan da golegilea. Gehiagorako denborarik gabe, bi puntu irabazi ez izanaren sentsazioaren amaitu du neurketa Alavesek.

Partidaren xehetasunak, NAIZen webgune berezian.