@belastegi
Donostia

GuraSOSek gogoratu du erraustegiaren inguruan asko dagoela erabakitzeko

Parte hartze kanpaina beharrezkoa dela uste du plataformak. Izan ere, jendeak informazioa, eztabaida eta erabakia merezi duela uste dute, eta hori bermatzeko abiarazi dute Hitzartu. Diru bilketa kanpainaren azken txanpan sartu dira.

Gizarteari informazio asko falta zaiola uste du plataformak. Hori dela eta, gizarte osoari zabalduta dagoen partaidetza prozesu bat abiarazi dute. Horrek aurrera egin dezan jendearen babesa behar dute, eta asteazkenean amaituko den crowdfunding kanpaina bat  jarri dute martxan. Ekarpen ekonomiko handiak baino, txikiak baina ugariak izatea gustatuko litzaieke, horrek jende askoren parte hartzea bermatuko lukelako.

Plataformaren bozeramailea den Joseba Belaustegik kontatu bezala, jendea «etsituta» dagoela somatu dute. Izan ere, erraustegiaren obrek aurrera jarraitzen dute. «Baina jendeak ez daki obrak kontratuaren 1/4 besterik ez dela, eta beste 3/4 kudeaketa dela», aipatu du. Hau da, naiz eta erraustegia eraiki, martxan jartzea edo ez herritarren esku dagoela dio.

Belaustegiren arabera, ezkutatu izan den beste kontu ba da erraustegiak hondakinak erretzeko baimena duela, baina horretan ez dela mugatzen horien jatorria edo mota. Alegia, «nahi izanez gero mundu osoko zaborra» erre ahal izango dutela. «Agian jendeak ez du hori nahi, gauza bat delako Gipuzkoako arazo bati aurre egitea, eta bestea negozioa egitea», aipatu du.

Ia ezezagunak diren bi datu horiek parte hartze prozesuan eztabaidatuko litzateken gaietako batzuk besterik ez dira.