NAIZ
Eibar

Puntu bakarra lortu du Eibarrek Malagaren aurka (1-1)

Minutu askotan markagailuan atzetik eta ideiarik gabe egon eta gero, puntu bat eskuratu du Eibarrek. Huts baten ostean aurreratu da Malaga ordu laurdena beteta, eta ordubete geroago berdindu du partida. Azken minutuetan garaipenaren bila joan arren, puntu bakarrerkin konformatu behar izan dira armaginak. (Partidak utzitako zenbakiak).

Puntuak banatu dituzte Eibarrek eta Malagak. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)
Puntuak banatu dituzte Eibarrek eta Malagak. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)

Ongi ekin dio partidari Eibarrek. Presioa Malagaren zelaian jarri du eta andaluziarrek ezin zuten baloia haien zelaitik atera. Aukerak ere izan dituzte armaginek, nahiz eta azken metrotan freskotasunik izan ez.

Baina 16. minutuan partida aldatu egin da. Ander Capak akats larria egin du. Pase bat gaizki eman eta baloia aurkariari eman dio. En-Nasiryri eman dio pasea eta hau Dimitrovicen aurrean bakarrik geratu da. Ez du hutsik egin.

Eibar saiatu da baloiaren kontrola izaten, baina partida lokartu du Malagak. Hiru puntuek berebiziko garrantzia zuten andaluziarrentzako, sailkapenaren beheko zulotik irten asmoz.

Bigarren zatiak ildo beretik jarraitu du. Baloia etxekoena izan da, baina Malaga ongi kokatuta zegoen defentsan. Bazirudien entrenatzaile berriarekin garaipena eskuratuko zutela, baina gipuzkoarrek ez dute amore eman.

Gauzak honela, minutu bat lehenago zelairatu den Beberi iritsi zaio baloia ezker hegalean.Eibarko hamarraren erdiraketak bazirudien arrisku handirik ez zuela, baina defentsa lokartu eta Kike Garcia aurreratu zaie, baloia sareratuz.

Berdinketak indarra eman dio Eibarri eta garaipenaren bila abiatu dira azken ordu laurdenean, baina markagailua ez da gehiago mugitu.